Auzitegi Gorenak behin betiko berretsi du Getxoko Udalak egindako desjabetze-prozesuaren amaiera; gainera, errekurtsoa jarri zuten jabeak kostuak ordaintzera ere zigortu ditu.
Alkateak adierazi duenez, auzi horiek sortzeko arrazoia izan da finka horien jabeak ez zeudela ados desjabetze-prozesu horretan aipatutako lurrei Udalak lehen instantzian emandako balorazioagaz ezta desjabetze-epaimahaiak bigarren instantzian emandako balorazioagaz ere. Udal iturriek azaldu dutenaren arabera, balorazio hori egiterakoan Udalak kontuan izan zuen lurrok landa izaerakoak direla; jabeek, ordea, eskatu zuten lurrok lur urbanizagarri gisa balora zitezela, bertan eraikitzeko aukerak zeudelakoan.
Lursail horien izaeraren inguruko iritzi kontrajarrien ondorioz, Udalak desjabetze-prozesuan denera 263.000 euro ordaindu zituen 3 finken 48.771,9 metro koadroengatik (3 finka horiek azalera bera daukate: 16.257,30 metro koadro). Desjabetze-epaimahaiak balorazio hori onartu zuen, baina jabeek auzitegien aurrean aurkaratu eta hiru finkak desjabetzeagatik 12 milioi euro ordaintzeko eskatu zuten (4.157.960,18 euro finka bakoitzeko).
Beraz, Justiziako Auzitegi Nagusiak, lehenengo auzialdian, eta Auzitegi Gorenak orain, epai banagaz abalatu dute Getxoko Udalaren jarduna.