Galea atera da Olatu Handien Zirkuitutik, hurrengo edizioa ziurtatzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 28a, 11:58

Galeako olatu handien txapelket,a artxiboko irudian.

Galeako olatu handien txapelketa Munduko Surf Ligak (WSL) antolatutako Olatu Handien Zirkuitutik (BWT) kanpo geratu dela jakinarazi dute gaur Getxoko probaren antolatzaileek. "Zirkuitutik at geratzen da baina azken hamarkadan egin duen bezala, aurrera jarraituko du nazioarte-mailako olatu handien txapelketa bezala", azaldu dute antolakuntza-iturriek.

Pasa den astean, WSLk iragarri zuen Olatu Handien Zirkuituaren gaineko zenbait berritasun izango zela. Hala, Mike Parsons olatu handien surflaria BWTko zuzendari berri izendatu zutela baliatuz iragarri ziren hainbat murrizketa datorren denboraldirako.

Arrazoi ekonomikoak direla eta, zirkuitu berriak hiru proba besterik ez ditu izango: Puerto Escondido (Mexiko), Peahi (Hawaii) eta Nazaré (Portugal). Horregaz batera, Sailkatze Serieak (QS) desagertuko dira, gaur egun Galeako proba zegoen azpizirkuitua. Modu berean, BWTko egitarautik desagertuko dira Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru), Nelscott Reef (Oregon, AEB) eta Todos Santos (Mexiko). Gainera, geratuko diren hiru probetan puntuatzeko moduak aldatuko dira. Bestalde, zirkuitua lotuago geratuko da XXL sariakaz; sari horiek aitortzen dute surflarien meritua kontuan hartuta urtean hartu duten olaturik handiena, izan txapelketa barruan ala kanpoan.

Galeako antolatzaileek aurretik hartu zuten erabakia

Galeako Txapelketaren batzorde antolatzailea Getxoko Udalean batzartu zen orain dela egun batzuk "ekimenaren etorkizunaren gainean berba egiteko", proba bigarren urtez segidan bertan behera geratu ostean. Txapelketaren zuzendaritzak "hastapenetara bueltatzeko erabakia hartu zuen" orduan, "WSL zirkuitutik kanpo" kokatuz; hemendik aurrera olatu handien nazioarteko txapelketa izango da, gonbidapen bidezkoa. Gainera, ez da edozein txapelketa izango, segitzen duen Europako zaharrena da, 10 urte baino gehiagoko antzinatasunagaz.

Izan ere, "txapelketa hirugarren urtez antolatu barik geratzeko aukera ekimenarentzat oso negatiboa izango litzatekeela kontziente" zirela adostu zuten surflarien, erakundeen, enpresen, federazioaren eta kluben ordezkariek. Hala, WSLk "nazioarteko proiekzio argia" eskaintzen bazien ere, "WSLn parte ez hartzearen abantailetako bat da, hain zuzen ere, antolakuntzarako independentzia izatea", azaldu dutenez. Hala egoera berria baliatuko dute "ekimenari bultzada berria emateko, euskal eta nazioarteko surfaren paregabeko  leihatila mantenduz".

Hala, hartutako erabakiaren berri WSLri eman zioten Galeako antolatzaileek. Munduko Surf Ligaren aldetik jarrera positiboa topatu dute, WSLk ez baitu etorkizunean proba hori eta beste batzuk berreskuratzea alboratzen. Modu berean, nazioarteko erakundeak bermatuko du olatu handien surflaririk onenek Galean parte hartu ahal izatea eta horretarako animatuko ditu. Bitartean, Galeak diru-sari garrantzitsuak mantenduko ditu; hala, "negoziazioak eta harremanak zabalik segituko dute beti", diote antolatzaile getxoztarrek. Galeako Olatu handien Txapelketaren hurrengo edizioak (2017-18) aurrera darrai: urrirako deituta dago eta itxarote-aldia bost hilabetetakoa izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun