Betetze maila hori oso egokitzat jo du Ignacio Uriarte Ogasun Arloko zinegotziak. Hasierako aurrekontu bateratua 94,2 milioi eurokoa zen eta 65.000 euroko superabita aurreikusten zuen, aurrekontuan jasotako gastu kontsolidatuei dagokienez. Aldi berean, udal-gastu eta inbertsioetarako emandako zenbatekoa 136 milioi eurotik gorakoa izan zen, lehenagoko urteetan finantzatutako partidak, 2016ko ekitaldian erantsi zirenak, eta iaz aurrezpenaren kontura izandako finantziazio berriak batuta.
Diru-sarrerei dagokienez, aurrekontuan sartutakoaren eta egindakoaren artean izandako aldea, Uriarteren iritzian, "ia ez da existitu, %99,40 izan baita". 2016ko diru-sarrerak 94 milioi euro ingurukoak izan dira, Udalkutxaren 3,6 milioiko doikuntza xurgatu eta gero. Borondatezko diru-bilketaren eraginkortasuna %93,78koa izan da eta goranzko joera finkatuz jarraitzen du, helburu bategaz: betearazteko bidera ahalik eta espediente kopuru txikiena helaraztea.
2016an zehar, Getxoko Udalak ez zuen inoren finantzaketarik jaso, ezta lursail edo ondasunik saldu behar izan ere. Aldiz, aurreikusitako amortizazio-planagaz jarraitu zuen. Iazko abenduaren 31n amortizatu beharreko kredituen zenbatekoa 18,4 milioi eurokoa zen; aurreikusita dago zenbateko hori gutxitzen joango dela erritmo handiagoan, urteko 3 milioi, batez beste.
Inoren finantzaketagatik udalerriak 930 euro ordaindu ditu interesetan 2016an, urte osoan. Kopuru horri ekartzen zaizkio interesetan sartutako dirua, 269.761 euro, Udal Diruzaintzan erabilgarri zeuden funts likidoetako 57,3 milioiek emandako interesak. Kopuru horretatik 14 milioi baino zertxobait gehiago erabili daiteke udal-inbertsio berriak egiteko: "etxebizitzan, hiriko zirkulazioa hobeto antolatzeko, ekipamenduak hobetzeko, eta abar", azaldu dutenez.