Adingabeko bat ikertzen dabiltza Getxon hiru edukiontzi erretzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 4a, 10:30

Edukiontzi bat sutan, artxiboko irudian.

Domeka goizaldean hiru edukiontzi erre zituzten Algortan; horren ondorioz, ondoan zeuden kotxe bi kaltetu ziren. Hori dela eta, Getxoko Udaltzaingoak polizia-eginbideak egiten dihardu.

Domekan, apirilaren 2an, goizaldeko 03:10ak aldera dei bat jaso zuten Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroan; gazte talde batek edukiontzi bat erre zuela eta ihes egiten zebiltzala esan zieten. Inguruan zegoen patruila batek datuak baieztatu zituen eta aipatutako gazteak Berangorantz korrika zihoazela ikusi zuen.

Gazteetako bat, 16 urteko adingabea, harrapatu egin zuten eta metxero bat atzeman zioten. Getxoko Udaltzaingoaren Ikerketa lan-taldea gainontzeko gazteak identifikatzeko polizia-eginbideak egiten dabil.

Suhiltzaileek amatatu behar izan zuten sutearen ondorioz, hiru edukiontzi hondatu ziren eta haien ondoan zeuden bi kotxe arin kaltetu, nahiz eta autoen jabeak abisatzen saiatu ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun