Imanol Landa alkateak azaldu duenez, Getxoko Udaltzaingoak udalerriko gune guztietan pertsona-talde denen arteko bizikidetza "segurtatzeko" zaintza-lanak egiten ditu egunero, Ertzaintzagaz batera. "Egonezin hori sortu zenetik, Udaltzaingoak lanok areagotu ditu gazteen artean arazoak sor litezkeen tokietan eta ordutegietan, eta orain arte, ustezko 'segurtasun eza' hori agerian utz lezaketen datu objektiborik ez da egon", gaineratu du. Era berean, gaineratu du 50.000 biztanle baino gehiagoko sei udalerririk seguruen artean dagoela Getxo, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egindako Euskadiko Delinkuentziaren memoria aipatuta. "Getxo udalerri segurua da eta horrela hartzen dute gure herritarrek, azken urteotako asebetetze inkesten datuen arabera. Udalak, beraz, tinko jarraitzen du auzo guztietan udalerri seguru mantentzeko konpromisoarekin, eta horregatik herritarrek segurutzat ere jotzen dute herria", azpimarratu du Landak.
Aipatutako ezinegona "estetika zehatza" daramaten gazte batzuen jarduerek sortu dutela uste du alkateak. Horrek denak zurrumurruak hedatzea eragin du, gizarte sareetan "arduragabekeriaz" zabaldu direlako, deitoratu du. "Udala duela urte asko elkarbizitza eta kohesio soziala kaltetzen dituzten zurrumurruekin, estereotipoekin eta aurreiritziekin amaitzeko lan egiten ari da, era aktiboan".
Gainera, ikusmiran jarritako gazteak adingabeak direla jakinarazi du alkateak, eta horregatik babesteko eskubideak dituztela azaldu du. Hala ere, gertakariren bat frogatuko balitz, heziketa sozialeko neurriak hartu beharko liratekeela agindu du.
Amaitzeko, sare sozialen erabiltzaileei eta alderdi politikoei erantzukizunez jokatzeko eskatu die Landak, "zurrumurruak edo sasi-informazioak ez elikatzeko, horrek ekar ditzakeen ondorio negatiboengatik".