Faduran bilduko den dirua Medicus Mundi GKEk bideratuko du Guatemalako El Reposo udalerriko osasun-zentroan behar duten medikuntza-materiala erostera. Itziar Irazabal Medicus Mundiko ordezkariak gaur goizean gogorarazi duenez, "herrialde horietan osasun publikoa ez da bazter guztietara iristen. Proiektu txikia da bultzatzen ari garena, 6.000 bat eurokoa, El Reposoko bizilagunen beharrak urtebetez asetzeko, ez dezaten egin 46 kilometroko bidea txerto bat ipintzeko". Modu berean, hilaren 30ean premia-premiazko elikagaiak batuko dituzte Sortarazi elkartearentzat, Fadurako ekimenean.
Erreleboak eta igeriketa jarraitua
Fadurako 25 metroko igerilekuan izango da topaketa, 10:00etatik 14:00etara, eta modalitateak hauexek izango dira: 100 metrotako erreleboetan, familian (beti ere kide bakoitzak gutxienez 25 metro igeri egiten baditu); eta igeriketa jarraituan (parte-hartzaile bakoitzak egindako distantzia ekimenak iraungo duen 4 orduetan 200 kilometro lortzeko helburu bateratuari gehituko zaio).
Alazne Aurrekoetxea paddle surfeko Europako txapeldunordea ekimenaren antolakuntzako laguntzaile da. Bere ustez “lekua eta helburua aldatu ditugun arren, gure ilusioa bere horretan dago, gure laguntzaren beharra duen jendearengana jotzeko. Ekitaldi hau deiadarra da, bai urarekin nolabaiteko harremana dutenentzat bai kausa on batengatik igerilekuan igeri egin nahi dutenentzat”.
Dohaintzak
Modalitate batean zein bestean parte hartzeko, pertsonako 10 euroko dohaintza egin beharra dago (14 urtetik beherakoek doan parte hartu ahalko dute). Behin diru-sarrera eginda, frogagiria ondorengo helbidera bidali beharko da: elkartasuna@urbasquepeople.eus. Gainera, Laboral Kutxa erakundeko Medicus Mundiren kontuan ‘0 kalea’ ireki da, igeri egin beharrik gabe dirua eman gura dutenentzat. Honako hau da kontu-zenbakia: ES95 3035 0064 25 0640073228.
Álvaro González Getxoko Udaleko Kirol ziengotziak nabarmendu du “ezbairik gabe, kirol-elkarteak sentsibilizatuta daude eta kalteberatasun egoeran dauden edo beste era bateko beharrak dituzten lagun zein kolektiboak laguntzea helburu duten ekimenen aurrean arduratsu jokatzen dute. Duela aste pare bat ikusi genuen, Punta Galea Txirrindulari Elkarteak sendi getxotar bat laguntzeko antolatu zuen jaialdiarekin, eta seguru gaude berriro ikusiko dugula datorren apirilaren 30ean. Helburu solidario horrekin, eta Faduran jolasteko eta igeriketa bultzatzeko egun batez gozatzeko asmoarekin ekingo diogu probari”.