Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarrei dei egin diete domeka honetan Getxon ibilaldi osasungarri horretan parte hartzera animatzeko, bi erakundeak azken urteotan bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko egiten dabiltzan prebentzio-kanpainen barruan. Getxoko txangoan parte hartzeko, gainera, ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.
Getxoko udalerriko bazter berezienak zeharkatuko ditu ibilaldiak domekan. Gura duten pertsona denek parte hartzeko aukera izan dezaten, adina gorabehera, distantzia bi egiteko aukera eskainiko da: 8 kilometro ala 3 kilometro. Getxotik Oinez Bizi txangoa 10:00etan hasiko da Algortako Telletxe plazatik eta 12:00ak aldera amaituko da Bizkaiko Zubian, Areetan. Herri-kirolen erakustaldia egingo dute bertan. Hiru kilometroko ibilaldian parte hartu gura dutenentzat, elkargunea 11:00etan izango da Algortako Ereaga hondartzako turismo bulegoan; ibilbide horretatik Bizkaiko Zubira joango dira ere. Ibilbidearen amaieran herri-kirolen erakusketa bat egingo dute Bizkaiko Zubia plazako probalekuan.
Osasun Sailaren iturriek azaldu dutenez, "gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, biztanle helduen %30ek besterik ez du egiten behar adina ariketa fisiko, nahiz eta frogatuta dagoen ariketa fisikoa erregulartasunez egiteak murriztu egiten duela kardiopatiak eta istripu kardiobaskularrak, II motako diabetesa, koloneko minbizia, bularreko minbizia eta depresioa izateko arriskua. Gainera, ariketa fisikoa iraunkortasunez egiteak pisua kontrolatzen eta energia-oreka lortzen laguntzen du".
Gaur, eguena, Ariketa Fisikoaren Mundu Eguna ospatzen da, urtero bezala. Bihar, apirilaren 7a, barikua, ostera, Osasunaren Mundu Eguna ospatuko da ; hori dela eta antolatu dute domekako ibilbidea. Aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak depresioa hautatu du bere kanpainaren gai gisa. Osasun Sailak gogorarazi duenez, "ariketa fisikoa egitea oso lagungarria da adin eta izaera sozial guztietako pertsonei eragiten dien nahasmendu horri aurre egiteko ere".