Fadurako egungo udal kirol-hiria –Gobela ibaiak zeharkatzen duena– Uraren Euskal Agentziak (URA) burututako jardueren azken fasean dago; lan horien helburua da ibaiaren ibilgua egokitzea eta aurretik izandako uholdeak berriro ez gertatzea. Álvaro González Getxoko Kirol zinegotziak honela azaldu du: “ibilguan egiten ari diren lanak direla-eta, aldaketa garrantzitsuak egin dira kirol-gunean; beraz, horrek aukera eskaintzen digu ingurua nolakoa izango den berriz pentsatzeko, ingurune osoa hobetzeko eta kirol-jarduera, bizi-kalitatea eta ohitura osasungarriak hartzea bultzatzen jarraitzeko”.
Halaber, Fadurako kirol-parke berriak, gainerako hiri-ingurunearekin konektatuta dagoenak, aukera eskaintzen du gunea palanka moduan aurkezteko, kirolaren eta ongizatearen inguruan garapen ekonomiko iraunkorra jorratzeko. “Ekimena”, dio zinegotziak, “bat dator Getxoko Udalaren Legegintzako Planaren definizioarekin, eta bertan proposatzen den helburu nagusietarikoa da aurrera egitea jarduera ekonomikorako aukeren hiri bat osatzen, tokiko garapen iraunkorretik abiatuta”.
Herritarrentzako gonbidapena
Thinking Fadura prozesuan, ekainera bitartean diagnostikoa egingo dute. Horrela, eragile garrantzitsuak identifikatu eta horiekaz harremanetan ipiniko dira; hala nola, Getxo Kirolak-en pertsona abonatuak eta erabiltzaileak, klubak, kirol-elkarteak, herritarrak eta jarduera fisikoagaz eta ongizateagaz zerikusia duten enpresak. Ondoren, parte hartzeko prozesuan sartuko dira, Fadurako parkea berriz diseinatzeko.
Uztailetik aurrera, bigarren fasea abiatuko dute, eta agente horiei deia egingo diete prozesu irekian parte hartzeko, topaketen, tailerren eta espazio ezberdinetan (presentzialak eta digitalak) egingo diren elkarrizketen bitartez. Udal-iturrien arabera, "ahalegin handia egingo da interesatuta dauden pertsona denek parte har dezaten, euren aukeren, premien eta kezken arabera". Topaketa horiek denek aztarna irekia eta gardena utziko dute Getxo Kirolak-en sare sozialetan eta ekimeneko webgunean; azken atari hori oraindino ez dago martxan baina "laster eskura izango dela" agindu du Getxoko Udalak.
Thinking Fadurak udalerriko herritarrak inplikatzea gura du, hausnarketa kolektiboa, kritikoa eta eraikitzailea egiteko, parkearen etorkizunaren eta hiri inguruneagaz duen erlazioaren inguruan. Hori dela eta, arreta berezia eskainiko diete kirolean gutxien azaldu ohi diren taldeei, eta kontuan izango dituzte genero-ikuspegiak, kultura-artekotasuna eta dibertsitate funtzionala. Era berean, aintzat hartuko dute kirol-sektorearen eta ongizatearen potentziala ekonomiaren sortzaile gisa.
"Getxo Kirolak-en asmoa da", nabarmendu du Álvaro Gonzálezek, "herritarren iritzia ezagutzea etorkizuneko kirol-parkean elementu berriak sartzearen gainean, helburua izanda jarduera fisikoa modu erregularrean egitea bultzatzea, ingurumen-aldetik hobekuntzak lortzea eta aisian, osasunean eta kirolean enplegua areagotzea”. Prozesu parte-hartzailean zehar jasotako ekarpenakaz Fadurako parke berriaren paisaia eta hiri antolamenduaren aurreproiektua egingo dute.
Thinking Faduran parte hartu nahi duten pertsonek thinkingfadura@getxo.eus posta elektronikora idatz dezakete. Halaber, Getxo Kirolak-ek sare sozialetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu #ThinkingFadura etiketa erabiliaz; horren bitartez ikusi ahal izango da prozesuaren garapena nolakoa den.