Jendartea  Getxo 2017-04-11 15:21

Getxoko Garbigune Mugikorraren erabilera %40 handitu da

Garbigune Mugikorra udal-zerbitzua emaitza "oso onak" lortzen dabilela jakinarazi du Getxoko Udalak. 2016an abiarazi zuten zerbitzua, eta ordutik, hori erabili duten lagunen kopurua eta bertan utzitako hondakin-masa ere %40 hazi da, azken urtean.

Getxoko Garbigune Mugikorraren erabilera %40 handitu da
Garbigune Mugikorra, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA. | Ikusi handiago | Argazki originala

2016an, 9.000 bat lagunek erabili zuten zerbitzua (apirilean eta urrian erabili zuten gehien). Garbigune Mugikorrean 24 tona hondakin baino gehiago bildu ziren, batez ere txatarra elektronikoa (5,5 tona), elektratresna txikiak (2,3 tona inguru), plastikoa (1,8 tona), metalezko gaiak (1,4 tona), berunezko eta litiozko bateriak, sukaldeko osagarriak eta pintura hondakinak (1,3na tona), besteak beste.

2017ko lehen hiruhilekoari dagokionez, zerbitzua 3.000 lagun inguruk erabili dute eta 10 bat tona hondakin utzi dituzte. Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetako eta Iturgitxiko garbiguneak izan dira gehien erabili dituztenak.

Udalerriko beste lau gunetara eta asteko beste bi egun gehiagoz zabaldu zuen zerbitzua Udalak, etxean sortutako hondakin arriskutsuen eta arriskutsuak ez diren tamaina ertaineko hondakinen bilketari estaldura handiagoa emateko.

Utz daitezkeen hondakinak

Puntu Garbi Mugikorraren zerbitzua doakoa da. Bertan utz daitezkeen hondakinak askotarikoak dira: olioak, pintura, laka eta bernizak, izotz-kontrakoak, disolbatzaileak, hidrokarburo-hondakinak, iraungitako sendagaiak, hodi fluoreszente eta lanparak, pilak, hondakin elektronikoak, toner/tinta-kartutxoak eta CDak, besteak beste; eta horiez gainera, birziklatu daitezkeen tamaina ertaineko beste hondakin batzuk ere (elektratresna txikiak, txatarra...). Puntu Garbi Mugikorra behar bezala identifikatu eta egokitutako ibilgailua da.

Hondakinak biltzerakoan sailkatu egiten dira eta baimendutako gestiogileen instalazioetara eramaten dira, ondoren tratatu eta birziklatzeko. Modu horretan ez da kutsatzailerik isurtzen hondakin solidoen bilketako sisteman.

Ordutegia

  • Eguaztenetan, Gobelaurre parkean, Itzubaltzeta/Romon, egoten da, 18:00etatik 21:00etara.
  • Eguenetan, Salsidu-Ollarretxen, Algortan, 10:00etatik 14:00etara.
  • Eguenetan, Gernika parkean, Neguri Langilen, 18:00etatik 21:00etara.
  • Barikuetan, Andra Mari kiroldegian, Getxon, 10:00etatik 14:00etara.
  • Barikuetan, Xake plazan, Areeta eta Itzubaltzetako mugan, 18:00etatik 21:00etara.
  • Zapatuetan, Algortako Telletxe plazan kokatzen da, 10:00etatik 14:00etara.
  • Zapatuetan,Bidezabalgo anbulatorioaren ondoan, Getxon, 18:00etatik 21:00etara.
  • Domeketan, Iturgitxi-Basarraten, Algortan, 10:00etatik 14:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa