Getxo Kirolak-ek 27.000 abonatu izan zituen iaz

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 12a, 14:00

Boleibol partida bat, Fadurako kiroldegian. © GETXOKO UDALA

Getxo Kirolak udal-erakundeak 27.103 abonatuakaz itxi zuen 2016ko ekitaldia. Kopuru hori 2015. urtekoaren oso antzekoa da, %0,72ko galera baita 2015eko 27.300 bazkidegaz alderatuta. Hala, erakundeak eutsi egin dio 2008tik izan den abonatu kopuruaren igoerari, orain 9 urte baino 4.000 inguru gehiago baitaude.

Getxo Kirolak-en jarduera-txostenetik ateratako datuen arabera, jende ugarik parte hartu du kirol-jardueretan, amateur-, eskola- eta federatu-mailetan; eta instalazioak asko erabili dira.

Álvaro González Kirol zinegotziak onartu duenez, "urte zaila izan da Gobela ibaiaren ibilgua zabaltzeko obrak direla eta, Faduran izandako kalteak medio. Obrak, jakina, beharrezkoak ziren ingurunean uholde-arriskua murrizteko, baina udalerriko kiroldegi handirako sarrera ez ezik, zerbitzuak ere zaildu eta mugatu dituzte. Hala ere, hilabete hauetan jasotako datuen arabera, bertoko kirol-komunitateak aurreko denboraldietan bezain sendo eta jendetsu izaten jarraitzen du". 

Neguko eta udako kanpainetan, 6.247 lagunek parte hartu zuten Fadura eta Gobela kiroldegietan emandako kirol-ikastaroetan. Eta horiei fitness eta muskulazioko gimnasioetan izena emandako 1.700 lagun inguru gehitu behar zaizkie. Eskola-kirolari dagokionez, Lehen Hezkuntzako 2.100 ikasle inguruk parte hartu zuen Kirol Anitza eta igeriketa-programetan. Gainera, kirol federatuan, Fadura, Gobela eta Andra Mari kiroldegietako instalazioetan 4.600 lehiaketa gauzatu ziren; lehiaketa horietan 61.000 kirolarik baino gehiagok parte hartu zuten, 125.000 ikusle inguru bildu zen eta beste 5.500 boluntario aritu ziren jarduerak antolatzen.

Instalazioen alokairuari dagokionez, padel-pistak erabili ziren gehien (urtean 10.228 ordu), eta haien atzetik tenis-pistak (6.192 ordu) eta frontoiak (2.124 ordu).

Txosten ekonomikoa

Getxo Kirolak erakundeak, 2016. urtean, 9,2 milioi euro inguruko aurrekontua izan zuen; zenbateko horretatik, 3,6 milioi euro baino gehixeago tasen eta beste diru-sarrera batzuen bitartez jaso zuen. Klubei eta tokiko kirolariei ematen zaizkien laguntzei dagokienean, 1,1 milioi euro banatu zituen. Horrela, horietatik 495.000 euro kirol federaturako izan ziren; 211.000 euro udalerri-eremuko kirol-eskolentzat; 237.000 euro ekitaldiak antolatzeko; eta gainerakoa bertako kirolerako, herri-jaietako kirol-jardueretarako eta muturreko kiroleko ekimenetarako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun