Gizon bat atxilotu dute Algortan, hainbat saltokitan lapurtzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 12a, 16:40

Getxoko Udaltzaingoak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizean, zenbait saltokitan lapurreta-saiakera eta beste batean lapurreta bat egitea egotzita.

Polizia-iturriek jakinarazi dutenez, atxilotutako gizonezkoak Algortako erdiguneko saltoki batean lapurtzen ahalegindu zen joan den martxoaren 13an. Establezimenduan sartu eta saltzailea laban bategaz mehatxatu ondoren, dirua eskatu zion. Hala ere, saltzaileak oihuka egin eta gaizkileak bertatik ihes egin zuen. Ondoren, apirilaren 6an, udalerriko estanko batean lapurtu zuen. Azkenik, joan den astelehenean, hilaren 10ean, beste denda bateko saltzailea mehatxatu ei zuen laban bategaz; hala ere, bezeroak heldu zirenean, ihes egin zuen.

Lehenengo lapurreta-saiakeraz geroztik, Udaltzaingoaren Ikerketa Taldeak fisionomiari lotutako arrastoakaz lan egin du, gertaeren ustezko egilearen identitatea aurkitzeko. Bere bila hasi ziren, eta gaur goizean atxilotu dute Algortako plaza batean.

Zenbait dilijentzia egin ondoren, atxilotua epailearen esku utziko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun