Etxebarriak azaldu duenez, udaletako langileen lan-baldintzak jasotzen dituen Udalhitz hitzarmenaren arabera, Getxoko Udal Euskaltegiko beharginek A2 mailako 17. kategoria dute, "baina 13. kategoriakoak bagina bezala ordaintzen digute oraindik ere". Hitzarmenari izena aldatu arren, edukia "bere horretan" mantendu dutela salatu du, "soldata berdinean jarraitzen dugu. Badakigu beste langileei hainbat gauza aldatu dizkietela".
Udal-euskaltegiko langileak jakinarazi duenez, irakasleak izateaz gainera, "administrazioko langileak gara, eta gu gara administrazio osoan gutxien kobratzen dugunak". Hori dela eta, euren lanpostuen egokitzapena egitea aldarrikatu dute irakasleek. Koldo Iturbe Kultura zinegotziaren arabera, "ez da batere zuzena funtzio guztiz ezberdinak dituzten lanpostu ezberdinei berariazko osagarri bera ezartzea". Izan ere, azaldu duenez, Getxoko Udal "osoan" euskara irakasle bakarrak Getxoko Udal Euskaltegiko irakasleak dira.
Hala ere, Iturbek jakinarazi du egokitzapena, izatekotan, lanpostuen balorazio baten ondoren eman behar dela, "eta hori, udaletxean egiten ari den balorazio prozesuaren ostean hasiko da erakunde autonomoetan". Etxebarriak, bere aldetik, salatu du balorazio horren zain daudela aspalditik, "2010ean esan genuen hori onartzen genuela, baina 2017an gaude eta oraindik ez da ezer ere ez mugitu. Baloratu ditzatela gure oporrak, gure lanorduak, egiten dugun lana, hartzen ditugun erantzukizunak... Dena baloratu dezatela, emaitza onartuko dugu".