Getxoko Sorturen arabera, ustelkeria ez da alderdi bakar batena, "Estatu oso bat da ustela. 78ko erregimena da ustela", salatu du. Era berean, "Estatu ustel horren ordezkari handienak" Euskal Herrian "lasaitasun osoz" ibiltzen direla deitoratu dute ezker abertzaleko kideek, "ez dute lotsarik sentitzen, ez dira erantzule sentitzen". Eurei, ordea, "lotsa" eragiten diela azaldu dute, "lotsa gure herrian egoteagatik".
Hori dena salatzeko, Lotsa Eguna egingo dute maiatzaren 2an, martitzenean. Horretarako hitzordua jarri dute Getxoko PPk Areetan duen egoitzaren aurrean, 19:30ean. Azaldu dutenez, ekimen isila egingo dute, "Espainiak lotsa eragiten digula adierazteko".