Aurreikusitako jardueren berri ematen duen informazio esku-orria argitaratu eta hori parkearen inguruko etxebizitzetako gutunontzietan banatzen ari dira. Horretan, gainera, auzokideek euren iradokizunak eta ekarpenak idatzi ahal izango dituzte, ondoren, apirilaren 28tik maiatzaren 15era parkean bertan jarritako buzoian sartzeko. Webgunearen bitartez ere parte hartu ahal izango da.
Proiektuaren nondik norakoak
Proiektuan joko-eremuak berritzea aurreikusita dago; hala, gaur egungo 121 metro koadro izatetik 265 metro koadro izatera igaroko da. Tresna berriak izango ditu: zabu irisgarria (orientazio-adina: 3 eta 14 urte bitartean); ume txikientzako zabua (3 urtera arte); askotariko jolaserako multzo bi (bata 8 urtera arte eta bestea 14 urtera arte); eskalatzeko elementua (8 urtera arte); malguki bakuna, malguki bikoitza eta HABI jesarlekua duen zabua. Informazio-kartel bat jarriko da bertan, elementu bakoitza erabiltzeko adin aproposak adierazteko.
Proiektuak argiteria publikoaren sarea berritzea ere aurreikusten du, luminaria berriagaz, energia-aurrezpen handia eragingo duena; oinezkoentzako ibilbideak egokitzea irisgarritasun arauaren arabera (zoladura, bankuen gunearen irisgarritasuna eta horien ondoko berdeguneak hobetzea), eta gune horretako altzariak berreskuratzea, horien balioa nabarmentzeko (gaur egun dauden bankuak egokitu eta berriz margotuko dira, horien berezitasuna dela eta).
Proposamenak parkearen jatorriko estiloa eta diseinua gorde gura ditu eta baita bere elementu bereziak ere, hau da, eserlekuak eta aipatutako oinezkoentzako ibilbideen diseinua ere. Azken horietarako Basagoiti etorbidean erabilitako material berberak proposatu dituzte.