Egunotan sare sozialetan bolo-bolo ibili da sugegorri batek 65 urteko andre bati eraso egin diola Azkorri inguruan. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, sugegorri seoane (vipera seoanei) Kantauriko endemismoa da, bertokoa eta berezkoa da. Nahiz eta askorik ez dagoen, ohikoak dira Getxoko kostaldean, baso, lahardi eta ibaiertzetan. Azaldu dutenez, askotan aurki daitezke txilardien eta otadien gainean eguzkia hartzen.
Azken urteotan animalia mota horren populazioa areagotu ez dela azaldu du Udalak. Espezie iheskorra da, eta ez da ohikoa jendeari eraso egitea, "ez bada zapaldu dugula, gainean eseri garela edo harrapatu nahi dugula". Kostaldeko sugegorri horren pozoia, gainera, Mediterraneo aldekoena baino "toxina gutxiago" du.
Halaber, azaldu dute babestutako espeziea dela, eta Eusko Jaurlaritzaren Mehatxuan dauden Espezieen Katalogoan agertzen dela, Mehatxurik Gabeko kategorian. Hartara, guztiz debekatuta dago horiek harrapatzea edo hiltzea, "erabilera zientifikorako ez bada".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.