PPren "ustelkeria" salatu du Getxoko Sortuk

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 3a, 11:15
Atzoko elkarretaratzearen argazkia. © GETXOKO SORTU

Dozenaka lagunek PPren "ustelkeria" salatu zuten atzo, martitzenean, popularrek Getxon duten egoitzaren aurrean. Sortuk deitutako Lotsa Egunaren baitan egin zuten aldarrikapena.

Sortuk deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko hainbat txokotan PPk dituen egoitzen aurrean, tartean, Getxon. Bertan, ezker abertzaleko kideek popularren eta Estatuaren ustelkeria salatu, EAJren jarrera kritikatu, Espainiako Gobernuaren aurrekontuei "bide emateagatik", eta "jendea zainduko duen Estatu propio zintzoa" aldarrikatu dute, besteak beste.

Getxoko Sorturen arabera, ustelkeria ez da alderdi bakar batena, "Estatu oso bat da ustela. 1978ko erregimena da ustela", salatu du. Era berean, "Estatu ustel horren ordezkari handienak" Euskal Herrian "lasaitasun osoz" ibiltzen direla deitoratu dute ezker abertzaleko kideek, "ez dute lotsarik sentitzen, ez dira erantzule sentitzen". Eurei, ordea, "lotsa" eragiten diela azaldu dute, "lotsa gure herrian egoteagatik".

Getxoko PP herri-batzordea egiten zebilen elkarretaratzearen unean. Hala ere, "presio" horiek lan egitea "galarazi ez" diela aldarrikatu zuen atzo Eduardo Andrade zinegotzi popularrak sare sozialen bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun