Lehenengo atxiloketa joan den zapatuan izan zen, apirilak 29, 22:00ak aldera, Negurin. Lekuko batek Udaltzaingora deitu zuen esanez auto batek beste auto bat hainbat aldiz kolpatu zuela aparkatzeko maniobrak egiten ari zen bitartean. Aipatutako ibilgailuaren gidaria, 43 urteko gizonezkoa, identifikatu zuten eta alkohol-proba egin ostean, 1,05mg/l eman zuen arnastutako airean, hau da, baimendutako alkohol-tasa baino lau aldiz handiagoa; hala, atxilotuta eraman zuten bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik.
Bigarren atxiloketa domekan, apirilak 30, 20:00ak aldera izan zen. Udaltzainek Ereagako pasealekuan era irregularrean zihoan ibilgailu bat ikusi zuten, balaztadak eta bat-bateko azeleratzeak eginez, eta aurretik zihoan ibilgailuagaz segurtasun-tartea mantendu barik. Egoera larria zela ikusita, udaltzainek autoa geldiarazi zuten eta gidariari, 46 urteko gizonezkoari, alkohol-proba egin zioten. Proban 0,85mg/l eman zuen, hau da, baimendutako alkohol-tasa baino hiru aldiz handiagoa. Horregatik, atxilo eman zuten bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzita.
Azkeneko atxiloketa ere domekan izan zen, 22:00ak aldera. Getxoko Udaltzaingoaren patruila bat Fadura aldera joan zen bi autoren arteko istripua gertatu ondoren. Alkohol-proba egin ondoren, istripuan inplikatutako gidari batek 1,08mg/l eman zuen, hau da, baimendutako alkohol-tasa baino lau aldiz handiagoa, eta, horregatik, atxilo eman zuten bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzita.
Era berean, asteburuan egindako alkoholemia- eta droga-proba prebentiboetan, hiru pertsonaren kontrako salaketa administratiboa ipini dute, onartutako alkohol-tasa gainditzeagatik.