Mundukatuak

"Bulgariarrok oso adeitsuak gara atzerritarrakaz"

Iker Rincon Moreno 2021ko mar. 18a, 14:10

Joan den abenduan etorri zen Martin Rumenov bulgariarra gurera bizitzera.

Joan den abenduan etorri zen Martin Rumenov gurera bizitzera, berton bizi den txikitako lagun batek gonbidatuta. Iturgin gisa lan egiten du goizetan, baina, arrastietan, Algortako Aldapa auzunean zabaldu berri duen gimnasioan topa dezakegu, bere pasioa den wing chun Txinako arte martzial tradizionala irakasten. Oraindik orain zailtasunak ditu gazteleragaz; dioenez, ondo ulertzen duen arren, kostatu egiten zaio erantzutea. Hala ere, ez du dudarik hizkuntzan trebatuko dela laster, eta, hori lortu ondoren, euskaran murgiltzeko aukera ez du baztertzen.

Sortzez Varnakoa da Rumenov, Bulgariako ekialdeko herri batekoa, itsaso Beltzari begira. Herri hura oso ezaguna da Europako urregintzako piezarik zaharrenak aurkitu direlako bertan, k.a. 4.200 urtekoak, hain zuzen ere. Dioenez, bulgariarrak oso adeitsuak dira kanpotarrakaz, "eroso sentitzen bagara pertsona bategaz, familiakoa izango balitz bezala hartuko dugu; oso leialak gara gure artean". Hala, bere herria bisitatzeko gonbita egin dio gura duenari; dena dela, ohar bat egin digu: "Gogoratu, bertan, buruagaz baieztatu edo ezeztatu nahi dugunean, gainontzeko lekuetan egiten denaren kontrakoa egiten dugu; hau da, baiezkoa denean, alde batetik bestera, eta, ezezkoan, goitik behera". 

Jan-edanari dagokionez, sarmi eta tarator gomendatzen ditu. Lehenengoa aza- edo mahats-hosto batean sartuta dagoen haragia da, hainbat orduz gisatzen dena; bigarrena, aldiz, jogurt, pepino, aneta eta baratxuriz egindako edaria da. Bisitatzeko, aurretik esandako aztarna arkeologikoez gainera, Rumenoven ustez Europako parkerik politena dena gomendatu digu: Morska Gradina. Dioenez, itsasoko lorategia esan gura du izen horrek; hondartzaren ondoan, hiria inguratzen eta babesten duen basoa da, eta guztiz babestuta dago: "Ezin da bertan eraiki". Parke hartako oso oroitzapen onak ditu Rumenovek, bertan, bere wing chun irakasleagaz entrenatzen ari zela, gaur egun bere emaztea eta semearen ama dena ezagutu zuelako. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun