Azaroak 25

Algortako mugimendu feminista: "Indarkeria matxista oso bizirik eta sendo dago gure artean"

Iker Rincon Moreno 2021ko abe. 10a, 07:30

Emakumeen kontrako indarkeria gogor salatu zuten joan den azaroaren 25ean Algortan; aurretik, gainera,  udalerriko emakumeek pairatu edota jasotzen dituzten indarkeria matxistak zer-zelakoak diren jakiteko, eta irudi oso bat izateko, kanpaina martxan jarri zuen Algortako mugimendu feministak. Buzoiak jarri zituzten hainbat txokotan, eta horietan batutako testigantzak bildu dituzte egunotan.

A25aren harira, udalerriko emakumeek pairatu dituzten indarkerien testigantzak jasotzeko ekimena abiatu duzue. Zer-zelakoa izan da parte-hartzea?

Espero baino askoz gehiago jaso ditugu: 70 bat testigantza, aldarri, ideia, egoera bortitz eta irain utzi dizkigute herriko emakumeek. Herrian zehar kutxak ipini genituen azaro erdialdean, eta hilaren 25eko manifestazioa pasata batu genituen.

Jasotako emaitzak ikusita, zein balorazio egiten duzue?

Oso positiboa; emakumeok erantzun dugu, eta horrek esan nahi du gogo bat dagoela gai honekiko, behar bat gai hauek lantzeko, eta askatu gabeko korapiloak ditugula aurretik. Jaso ditugun testigantza batzuk oso gogorrak dira, baina aldi berean ez dira berriak, eta horren aurrean esku hartzeko premia ikusten dugu.

Zeintzuk indarkeria mota dira ohikoenak gurean?

Bortxaketak jai-aretoetan, irainak, jazarpenak, “jabetza” modura tratatzea, jotzea, bultzatzea, isolatzea, gutxiestea, ez sinestea, talde-erasoak, familia barruko indarkeria eta erakundeen axolagabekeria (udalak, polizia…) kasuren batean, sare sozialetako jazarpenak, presioa, eta abar luze bat.

Uste duzue gizartea, orokorrean, kontziente dela indarkeria-mota horietaz?

Gizartea lo dago; norberari oso gertu tokatzen ez bazaio, ez du ikusi nahi.  Oso normalizatuta dago indarkeria, begira zer puntutaraino taberna batzuetan ez zigutela utzi testigantzen kutxa utzi bi astez. Egoera bortitzenak arin identifikatzen ditugu, gero eta gehiago, baina gainerako gehienak oharkabean pasatzen zaizkigu, edo ez diegu garrantzirik ematen, eta falta zaigu fokua edo begirada horietan ipintzea.

Zer egin beharko litzateke horiei aurre egiteko?

Egoeraren diagnostikoa egin behar da, espazio, adin, bizipen desberdinetakoen artean, errealitatearen argazkia ahalik eta osatuena izateko. Hortik aurrera, aliantzak ehundu, elkarrekin aritu, isolatuta askoz zailagoa delako. Espazioak sortu behar ditugu emakumeok, komunitatean konfiantzaz hitz egin ahal izateko. Emakumeok autodefentsa landu eta gizonek ere euren lanketa egitea, hau denon artean eraiki behar dugulako.

Mugimendu feminista indartu behar dugu, emakumeen bizitza erdigunean jarri eta harresia altxatu indarkeria matxistaren aurka. Tolerantzia zero. Antolatu eta elkar zaindu eta babestu behar dugu. Sinistu salatzen duenari, eta lagundu.

Justizia feministarako bidea jorratu beharra dago, unibertsitatea, legegintza (politikari eta auzitegietako langileak), osasungintza… Hango langileak aktibatu, formazioa eman, gai izan daitezen indarkeria sumatzeko.

Kontakizunak batu dituzue; zer egingo duzue horiekaz guztiakaz?

Izengabeak dira, dokumentu batean bildu ditugu, eta partekatuko ditugu dagokion esparruan. Baietsi digute indarkeria matxista oso bizirik eta sendo dagoela gure artean, eta horren aurrean borrokan jarraitzea beste biderik ez zaigu geratzen.

Lehen ere esan dugu “betiko” kontakizunak ezagunak egiten zaizkigula eta, hala ere, barrenak astintzen dizkigute. Zergatik ez gara garrantzitsuak emakumeak sistemarentzat? Zergatik onartzen dira gure aurkako eraso horiek guztiak, “normaltasunaren” izenean? Zergatik sinestarazi nahi digute “esajeratuak” garela, ez gaudela burutik sano, eta abar? Botere-joko makabro hau amaitu behar da.

Itxaropena ematen du ikustea azken urteotan Algortan egindako greba feministak, martxoaren 8ak, azaroaren 25ak eta erasoen aurkako mobilizazioak jendetsuak izaten ari direla, eta gazteak aktibatuta eta gogotsu daudela elkarrekin jarduteko etorkizun hobearen alde.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun