Sarrikobasoko alokairu orokorreko 68 BOE eraikitzeko lanak hasiko dituzte laster

Erredakzioa 2022ko ira. 7a, 12:00

Eraikinak izango duen itxura. © GETXOKO UDALA

Algortako Sarrikobasoko alokairu orokorreko Babes Ofizialeko 68 etxebizitzak eraikitzeko lanak hasiko dituzte irailaren erdialdean, gaur, eguaztenean, zuinketa-akta sinatu ondoren. Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak udalerrian babes publikoko etxebizitzak sustatzeko egindako akordioaren ondorioa da. Maidagan eta Puerto de Orduña kaleen eta inguru horretako zabu estalien gunearen artean dagoen orubean eraikiko dituzte, Visesa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko sozietate publikoak sustatuta.

Aurreikuspenen arabera, eraikuntza-obra 2024ko udaren bukaeran amaituko da, eta etxebizitzak Alokabide sozietate publikoari emango zaizkio, kudea ditzan, 2025eko lehen hiruhilekoan. Eraikuntzaren kostua zazpi milioi euro ingurukoa da (BEZik gabe).

Blokea, “L” formakoa eta 6 solairukoa izango da, eta honako etxebizitza hauek osatuko dute: logela bateko 6 etxebizitza, 2 logelako 51 etxebizitza (horietako 3 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak), eta 3 logelako 11 etxebizitza, baita 68 garaje eta trasteleku ere, etxebizitza bakoitzeko bana. Etxebizitzen azalera erabilgarria 50 eta 90 metro koadro artekoa da, eta 4 metro koadrotik gorako azalera erabilgarria izango duen terraza bat ere izango dute.

Era berean, arduradunek zehaztu dutenez, proposatutako eraikuntzak ingurumena errespetatzen duen eraikuntza baten parametroei jarraitzen die, eta arreta berezia jarriko du funtsezko hiru alderditan: energia aurreztea (A kalifikazio energetikoa lortuko du, eraikuntza berdeagoei dagokiena, urteko energia-kontsumoa 50Kw/m2 baino txikiagoa dutenak), energia berriztagarriak erabiltzea eta ahalik eta karbono-aztarna txikiena uzten duten materialekin eraikitzea.

Obraren egikaritze-proiektuan jasotakoaren arabera, zuhaitz bat jarriko dute 7,5 metroz behin Puerto de Orduña kalean, 7 metroz behin Iturribide kalean eta 5 metroz behin egikaritze-unitatearen barruko oinezkoentzako pasealekuan. Berdegunean 13 zuhaitz landatuko dituzte, eta horiei Maidagan kalean jarriko dituzten hainbat lorezain gehituko zaizkie. Eta hiri-altzariei dagokienez, bankuak eta paperontziak ipiniko dituzte ere.

Udalak, eraikuntza-obrakaz batera, eraikin horren eta Metro Bilbaoko trenbideen artean geratuko den parke berria urbanizatuko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun