XX. mendean urperatutako txalupa txiki bat ikertzen ari dira Gorrondatxe hondartzan

Iker Rincon Moreno 2022ko ira. 29a, 11:00

Jose Manuel Mates Luque itsas arkeologoaren zuzendaritzapean, XX. mendearen erdialdean urperatutako txalupa txiki bat aztertzen ibili dira egunotan Getxoko Gorrondatxe hondartzan. Maiatzean egin zituzten lehenengo indusketa-lanak bertan, eta joan den barikuan hasi bigarrenak, Eusko jaurlaritzako diru-laguntzagaz. Hartu beharreko datu denak eskuratuta, adituak jakinarazi duenez, ideia da gaur bertan aztarnategia estaltzea, ingurua eta ontzia bera babesteko asmoz.

Getxoko Gorrondatxe hondartza inguruan ibili direnek aztarnategi berezi bategaz egin dute topo egunotan hareatzaren erdian. Izan ere, aurreko maiatzean topatutako urperatutako txalupa txiki bat aztertzeko bigarren indusketa-lanak abiatu zituzten joan den barikuan. Beharron zuzendari Jose Manuel Mates Luque itsas arkeologoak HIRUKAri jakinarazi dionez, XX. mendearen erdialdeko ontzi bat da, baina karbono 14 datazio-probek ondorioztatu dute azpiegitura horren egurrak lehenagokoak direla.

Iragan maiatzean aurkitu zituzten lehenengo aztarnak, eta Ingurumen Saileko baimen guztiak eskuratuta, joan den astean metro bateko zuloa zabaldu zuten iraganeko ontzia hobeto aztertzeko. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso dituzte lanok aurrera eramateko, eta, orain, bildutako datu denak aztertu eta ondorioak ateratzeko beharretan hasiko dira arkeologoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun