Musika eta dantza uztartzen dituen 'Marée Basse-Itsasbehera' emanaldia eskainiko dute Romo Kultur Etxean

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 27a, 10:13

Uretako munduari buruzko hausnarketa egiten du ikuskizunak. © GETXOKO UDALA

Euskarazko narrazioaren eta dantza garaikidearen bitartez, Marée Basse-Itsasbehera ikuskizunak itsasoaren eta uraren munduan barneratzen du ikuslea proposamen arduratsu, original eta zirraragarri baten bitartez. Emanaldia, bihar, apirilaren 28an, izango da Romo Kultur Etxean, arrastiko 19:30etik aurrera.

Belaunaldien arteko proiektu transbertsala da Marée Basse-Itsasbehera: Eric Surmenianen kontrabaxuaren inprobisazioaren eta Araitz Lasaren dantzaren mugimenduaren bidez uretako munduaren eta bertan dauden bizimodu guztien bilakaeraz hausnartzera gonbidatzen du publikoa.

Surmenian Frantzian jaio zen 1973an, 25 urte daramatza nazioarteko jazz eszenan, eta musikari handiakaz jo izan du: Toots Thielemans, Tom Rainey, Olivier Ker Ourio, Guillaume de Chassy, Louis Winsberg, Michel Perez, Jesse Van Ruller, Martijn Van Iterson, Ilya Reijngoud, Bart van Lier, besteak beste. Frantziako telebistarako musika ere konposatu du, eta Fédéric Mitteranden hiru filmetan sinkronizazioa egin du. Halaber, Marignane (Frantzia) Eskualdeko Kontserbatorioan eta Errenteriako (Gipuzkoa) Herri Arte Eskolan eta Udal Musika Eskolan irakasle lanetan esperientzia du. Gainera, kontrabaxuko eskola magistralak eman ditu Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan.

Bestalde, Lasa 1999an jaio zen, Getxon, eta eskualdeko hainbat dantza zentrotan dantza ikasketak egin zituen, hala nola Ana Lara Dantza Eskolan (Getxo) edo Andoni Aresti Dantza Eskolan (Leioa). Geroago, Madrilera joan zen, Carmina Ocaña eta Pablo Savoyeren eskolara, eta, bertan, dantza munduan murgildu zen modu profesionalean. Bere heziketak dantza klasikoa eta garaikidea ditu oinarri, baina bere ibilbide artistikoa uztartzen du flamenkoagaz, dantza estilizatuagaz, euskal dantzakaz eta zeharkako flautagaz. Besteak beste, hurrengo koreografoakaz egin du lan: Itzik Galili, Thierry Malandain, Martin Harrigue, Paolo Mohovich, Gil Harus, Matxalen Bilbao, Barnaby Booth, Wubfkje Kuindersma eta Eva Guerrero. Halaber, dantzaria eta interpretea izan da Xian Martinezegaz batera abiatutako proiektuetan, 2018ko uztailean eta 2021eko abenduan, Galiziako, Donostiako eta Madrilgo agertokietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun