Azken egunak udako eta datorren ikasturterako ludotekarako izena emateko Getxon

Erredakzioa 2023ko mai. 15a, 10:23
Artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Eguenera, hilaren 18ra, arte dago zabalik Getxoko Kukupraka ludotekak udan zehar, astebeteko hamar txandatan, eta 2023-2024ko ikasturtean eskainiko duen zerbitzuan parte hartu ahal izateko izena emateko epea. Guztira, 360 eta 120 plaza egongo dira eskura, hurrenez hurren.

Udako doako jarduerak Romo ikastetxean izango dira, astelehenetik barikura arteko txandetan banatuta, 10:30etik 13:30era, 2012tik 2017ra bitartean jaiotako umeentzat. Aste bateko hamar txanda izango dira eta, ohi bezala, familia interesatuek online bidezko inprimakia bete beharko dute zehazteko zenbat astetan eraman gura duten umea eta nahiago den ordenan. Guztira, 360 plaza izango dira (36 txanda bakoitzean). Izen-emateak plazak baino gehiago egotekotan, zozketa bat egingo da eta emaitza ekainaren 2an argitaratuko da.

Bestalde, datorren ikasturtean Areetako plazan lekututako ludotekaren txandak hurrengoak izango dira: 5 eta 6 urte bitartekoentzat astelehen, eguazten eta barikuetan; 7 eta 9 urte bitarteko umeentzat martitzen, eguen eta barikuetan. Astelehenetik eguenera bitarteko ordutegiak 17:00etatik 18:30era eta 18:30etik 20:00etara izango dira; barikuetan, aldiz, jardueren araberakoa izango da.

Zapatuetan, ludotekak egitarau berezia (txangoak, irteerak, tailerrak…) antolatzen du 10 eta 11 urtekoentzat, 17:00etatik 20:00etara, eta batzuetan goizez. 

Guztira 120 plaza izango dira eta onartutakoen behin behineko zerrendak ekainaren 2an ere argitaratuko dira. Izen-ematea eta baldintzei eta tasei buruzko informazio gehiago, hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun