ELA gaixotasunaren ikusgarritasuna hauspotzeko ELA Fest jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute irailean

Iker Rincon Moreno 2023ko uzt. 12a, 13:13

Algortako Portu Zaharra agertoki solidario bilakatuko da berriro ere irailaren 8tik 10era arteko aste-akabuan, ELA Fest jaialdiaren eskutik. Sarrera doakoa izango da, eta, musikaz gainera, arte- eta kirol-jarduerak batuko ditu, hala nola ELA gaixotasuna ikusarazteko Getxoko zeharkaldia igeriketako erronka solidarioa, haurrentzako jarduerak, kontzientziazio-ekintzak eta gastronomiari lotutako ekitaldiak. Egitarau osoa ELA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) ikusarazteko eta ikerketarako eta gaixoei laguntzeko dirua biltzeko bideratuta egongo da.

Iazko irailean egindako lehen edizioaren arrakastaren ondoren, DalecandELA irabazi-asmorik gabeko elkarteak Portu Zaharra berriro ere agertoki berezi bihurtuko du, eta bertan helburu nagusia izango da ELAri ikusgarritasuna ematea eta ikerketarako dirua biltzea sendabide baten bila eta gaixoei babesa emateko.

Irailaren 8an, 9an eta 10ean, jaialdi baten protagonistak izango dira. Horretan, Espainiako Estatuko eta eskualdeko 19 musika-talde baino gehiago igoko dira oholtzara, bertaratuko diren entzuleak beren abestiakaz gozatzera, ELAren aurkako oihua zabalduz.

Ariel Rot izango da kontzertuen zerrendaburua. Talde horregaz batera, McEnroe, Swingtronics, Afrika Bibang, Mabu, Omago eta Laguna Goons musika taldeek parte hartuko dute, besteak beste. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, kartela oraindino ez dago guztiz itxita, eta laster jakinaraziko dute zeintzuk beste musika talde igoko diren agertokira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun