Astelehenean manifestazio jendetsu bat grabatuko dute Algortako Basagoiti Etorbidean "Detective Touré" telesailerako

Erredakzioa 2023ko ira. 1a, 12:01

Manifestazioa simulatuko duten tartea. © GETXOKO UDALA

Irailaren 4an, astelehena, eta 5ean, martitzena, RTVE, Tornasol Media, DeAPlaneta eta EITBk elkarlanean ekoitzitako Detective Touré, telesaileko hainbat eszena filmatuko dituzte Algortako Basagoiti Etorbidean eta Muxikebarri Antzokian. Astelehenean, grabaketa-lanak direla eta, zirkulazioa etengo dute denbora labur batean Basagoiti Etorbidean. Era berean, Txiki Otaegi enparantzako pilotalekua okupatuko dute backstage gisa erabiltzeko.

Telesailaren gaiaren testuinguruan, astelehenean, hilak 4, 09:00etatik aurrera, talde tekniko eta artistikoek Basagoiti Etorbidearen zati bat hartuko dute. Bertan, 200 figurantek parte hartuko duten etorkinen manifestazio bat simulatuko dute eta Muxikebarri kanpoaldean amaituko da. Horrek etenaldiak eragingo ditu zirkulazioan (gehienez 4 minutuz). Txiki Otaegi enparantzako pilotalekua ere okupatuko dute, izan ere, backstage gisa erabiliko dute aldageletarako, makillajerako, etab.

Martitzenean, hilak 5, filmaketa Muxikebarri Antzokiaren barruan izango da.

Detective Touré

Jon Arretxeren eleberrietan oinarrituta eta Esteban Crespok zuzenduta, Malcolm Treviño Sitté protagonista duen telesaila da Detective Touré. Mahamoud Touré etorkin ginearra da, eta bere maltzurkeriari eta umoreari esker bat-bateko detektibe gisa ateratzen du bizimodua. Besteak beste, Itziar Ituño, Unax Ugalde, Loreto Mauleón, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain aktoreek parte hartzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun