DalecandELA Fest jaialdiaren bigarren edizioa hartuko du Getxok aste-akabuan, musikaz haraindiko askotariko jarduerakaz

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 6a, 17:18

Ariel Rot da DalecandELA Fest jaialdiaren bigarren edizioko kontzertu-zerrendaren buru. Aste-akabu honetan, barikutik domekara, Algortako Portu Zaharrean egingo duten festibal horren helburua da ELA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) gaixotasuna ikusaraztea eta, jendea erakartzeko, 22 musika-talde arituko dira bertan.

DalecandELA irabazi-asmorik gabeko elkarteak antolatuta, jaialdiak 4.000 ikusle baino gehiago batu zituen iaz, eta 35.000 euro biltzeko gai izan zen dohaintza egiteko. Antolatzaileek adierazi dutenez, kopuru hori "aise gainditu gura da bigarren edizio honetan". Horretarako, DalecandELAk Getxoko Portu Zaharra berriro ere "agertoki paregabea" bihurtuko du, "non helburu nagusia ELAri ikusgarritasuna ematea eta ikerketarako dirua biltzea izango da, sendabide baten bila eta gaixotasuna jasaten dutenei babesa emateko".

Barikuan, hilak 8, Gildas, Mabü, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Travellin 'Brothers eta Laguna Goons taldeak arituko dira, Ariel Rot jaialdiko buruagaz batera. Egun horretan ere, jaialdiaren hasieran, urte bukaerara arte iraungo duen dirua biltzeko kanpaina aurkeztuko dute, 40.000 euro biltzeko helburua duena. Diru hori ELAk jotako gaixoen zainketak ordaintzeko emango dute dohaintzan.

Hurrengo egunean, zapatuan, hilak 9, eta domekan, hilak 10, besteak beste, Smile, El Mentón de Fogarty, Luke Winslow, La Bien Querida, Omago, Afrika Bibang eta Ricardo Lezón (McEnroe taldeko abeslaria) arituko dira.

Musikaz gain, jaialdiak arte- eta kirol-jarduerak, haurrentzako eta hezkuntza-tailerrak eta karpa gastronomiko handi bat izango ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun