Bilboko itsasadarreko bizimoduei buruzko informazio guztia, Begoñako galerietan

Iker Torre · Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 8a, 16:32

Bihar, zapatutik, urriaren 8ra bitartean, "Nerbioi itsasadarra. Mareen arteko bizitza" izeneko erakusketa bisitatu ahal izango da Getxoko Begoñako galerietan. Erakusketa aitzindari horrek Bilboko eta Nerbioi itsasadarreko bizimoduak islatzen dituzten argazkiak, dokumentuak, ikus-entzunezkoak eta testigantzak biltzen ditu: lanbideak, zaletasunak, lehiaketak, jaiak, sinesmenak, tradizioak eta abar, mendeetan zehar gure egunetara askotan iritsi direnak. Oro har, norberarekiko izaera eta harrotasuna eratzen lagundu duten bizipenak dira. Erakusketaren osagarri gisa, bisita gidatuak egingo dituzte.

Ignacio Uriarte Punta Begoña Fundazioko presidenteak azpimarratu duenez, “proiektu honekin, Punta Begoña Fundaziotik, gizarte gisa batzen gaituen ondarea zaintzeko beharrari buruzko ohartarazpena egin nahi dugu. Baina baita transmititu beharraz ere, eta, horretarako, jende guztiari eta ikastetxeei zuzendutako bisitekin osatuko dugu erakusketa. Eta emakumeek eta gizonek bilakaera historikoan eta etorkizunean izan duten eta duten zeregina ikusarazteko beharrari buruz. Horregatik, erakusketa koral, parte-hartzaile eta irekia diseinatu dugu, itsasadarra ingurune gizatiarragoa, bizigarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin, Punta Begoña Fundazioak garapenaren aldeko nazioarteko helburuekin duen konpromisoari jarraiki”.

Itsasmuseum Bilbaoko zuzendari Jon Ruigomezek, bestalde, itsasadarraren nortasuna azpimarratu du: “Nortasun propioa da, indartsua baina integratzailea, munduari irekia, eta erakusketa honetan oso ondo islatzen diren izaera, ohiturak eta erabilerak sortu ditu. Itsasadarrean sartzen da Bilbon bizi dena edo Getxon bizi dena, hirian bizi dena edo landa-eremuetan bizi dena, eskuinaldean bizi dena zein ezkerrean bizi dena”.

Erakusketa, beraz, itsasadarreko bi leku estrategikotan egongo da. Batetik, Begoñako galeriek erakusketaren eduki nagusia erakutsiko dute, eta irudi harrigarriak eskainiko dituzte, artxibo publiko eta pribatu askotan egindako ikerketa-lan luze baten emaitza. Halaber, lekukotasunak, pasadizoak eta istorioak ere erakutsiko dituzte, protagonistakaz eta ondare baliotsu hori babesteko borrokan ari diren pertsona eta erakundeakaz egindako elkarrizketen bidez.

Dozenaka eragileren, erakunderen, elkarteen, artxiboren –hala nola aholkuak eskaini eta bere fondo grafikoa gehitu dituen Getxoko liburutegiaren– eta partikularren arteko lankidetza horrek erakusketa korala, irekia eta parte-hartzailea bihurtzen du, kultura-ondare bakarra aintzatesteko eta balioesteko oinarriak jarri nahi dituen proiektu baten barruan. Eta itsasadarrean zehar egindako bidaia horren barruan, memoria biziaren mapa osatuz, galeriek eta Getxok funtsezko zeregina dute. Itsasadarreko Abran duen talaia pribilegiatutik, Begoñako galerien inguruak milaka urtez ikusi du jendearen joan-etorria, urruneko arrantzarako itsasoratzeak, merkataritza, emigrazioa, meatzaritzatik eta industriatik eratorritako nabigazioa, kirol-lehiaketak, prozesioak, festak edo etsaien erasoen aurrean gure lurraldearen defentsa.

Eta bizimodu horien konfigurazioan, Getxo lekuko ez ezik, protagonista nagusi ere izan da tradizioetan eta adierazpenetan, lanbideetan eta itsasoari lotutako festetan, zeinak, era batera edo bestera, gaurkotasuna izaten jarraitzen duten eta erakusketa honetan islatzen diren irudi eta testigantzen bidez.

Bestalde, Itsasmuseum Bilbaok ere –galeriek bezala, Itsasadarraren leku estrategikoa– aldi berean hartuko du erakusketa. Horrela, proiektua Bilboko museoaren egoitzako kanpoko eta barruko espazioetan ikusaraziko da, eta irudiaren benetako arkeologia osatzen duten ikus-entzunezko materialak ere gehituko dira.

Erakusketako ordutegiei eta bisita gidatuei buruzko informazio gehiago www.puntabegonagetxo.eus eta www.itsasmuseum.eus webguneetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun