Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte independentisten espetxeratze-agindua salatzeko manifestazioa egingo dute barikuan Algortan

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 20a, 10:33

Barbado eta Zelaia, elastiko beltzak jantzita, espetxeratze-agindua jaso dutela jakinarazteko agerraldian. © ANKERKERIARISTOP

ANkerkeriari Stop! plataformak joan den astean jakinarazi zuen Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrek espetxeratze-agindua jaso dutela. Horren aurrean, eragileak hainbat elkarretaratze deitu ditu egunotarako, tartean, bariku honetarako, Algortan. Mobilizazioa 19:30ean hasiko da, Txiki Otaegi enparantzan (San Nikolas plaza). Horretan, bi militante independentisten kontrako errepresioa salatuko dute, lau urteko espetxe zigorra ezarri baitie Espainiako Audientzia Nazionalak.

Plataformak azpimarratu du Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren kontrako prozesua erabat politikoa izan dela eta euskal militanteak izateagatik zigortu gura dituztela. Joan den maiatzean berretsi zituzten gazte arabar bien aurkako lau urteko espetxe-zigorrak. Hilabete lehenago epaien helegiteak iritsi ziren Espainiako Auzitegi Gorenera, urte biko itxaronaldiaren ostean; horietan, defentsak Barbadoren eta Zelaiaren absoluzioa eskatu zuen. Fiskaltzak, baina, zortzi urteko espetxe-zigor eskaera aplikatzea eskatu zion Auzitegi Gorenari eta horrek, bere aldetik, Audientzia Nazionalak jarritako lau urteko kartzela-zigorra berrestearen alde egin zuen. 

Orain dela lau urte, 2019an, abiatutako prozedura judiziala amaitu da jasotako espetxeratze-aginduagaz. Urte hartako otsailaren 7an atxilotu zituzten Barbado eta Zelaia, "material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristakaz" gordetzea egotzita. Ia sei hilabete egon ziren prebentziozko espetxealdian, eta 2021eko urtarrilean epaitu zituzten Audientzia Nazionalean, Madrilen.

Egoera salatzeko asmoz, mobilizazio jendetsuak egin zituzten astelehenean, hilaren 18an, Amurrion, Agurainen eta Gasteizen. Hurrengo zapatuan, hilaren 30ean, berriz, manifestazio nagusia egingo dute Gasteizen, 18:30ean, Artiumetik abiatuta. "Dei egiten diogu Euskal Herriari herriz herri datozen asteetan mobilizatzera eta elkartasun keinuak biderkatzera", adierazi dute plataformako kideek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun