Irailaren 16an José Ignacio Berroeta BBK-ko presidente izandakoa hil da

Konrado Mugertza 2023ko ira. 26a, 10:45

Berri horrek sortu zidan tristuraz eta nostalgiaz batera, poz handia ematen dit HIRUKA bezalako euskalgintza-proiektu moderno eta dotorea sendotuta ikusteak, bai eta jakiteak ere jende gaztea dabilela erronka hori gobernatzen. Zorionak eurei! Euskalgintzan dena baita beharrezko eta ezer ez nahiko.

Baina begiak pixka bat atzera bueltatuz, HRUKAk, edozein proiektu helduk bezala, bere historia eta bere istorioak ditu, eta gauza batzuk, ezin bestela izan, "tokiko zaharrenok" baino ez ditugu ezagutzen.

HIRUKA baino lehenago, UK Uribe kostako aldizkaria izan zen (1999-2014), eta bien sorburu, Bizarra Lepoan Getxoko Aldizkaria (1995-1999).

Proiektu baten atzean, beti pertsonak daude. Pertsonek dute irudimena baliatzen, kemena eta ilusioak ekartzen, denbora eskaintzen, baliabideak lortzen… Pertsonak ez dira giza "baliabideak". Horra behin betiko baztertu beharko genukeen eufemismo zaharkitu eta itsusia. Pertsonak proiektuen ardatza eta arima dira.

Eta pertsonen artean, José Ignacio Berroeta giltzarri izan zen hastepenetan. José Ignacio, banku-alorrean goi mailako profesionala izateaz gainera, gizon apala, hurbila, amultsua zen, eta euskalzalea. Eta berak erabakita eskuratu genuen BBK-ren diru-laguntza mamitsu bat orduko Macintosh puntakoena erosteko beste, laser inprimagailu eta eskaner eta guzti. Bultzada erabakigarria izan zen proiektu hura abian jartzeko eta geroko bidea urratzeko.

Akorduan dut, Bizarra Lepoan aldizkariaren hasierako zenbakietan berba politak erabiliz behin eta berriro ematen genizkiola eskerrak erakunde laguntzaileari, bidezkoa zelakoan. Erakundetik, ostera, ondo zela baina diskrezio pixka bat eskatu ziguten, ez zegoela zertan gure diru-iturria lau haizetara zabaldu eta beste batzuk erakarri ur horietatik edatera. Handik aurrera, dirua jaso eta isilik.

Izan daitezela lerro hauek José Ignacioren oroigarri eta gure esker onaren adierazpide.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun