"Haurron aurrean Helduok heldu"

Seme-alaben aurrean euskaraz berba egiteko baliabideak eskainiko dizkiete gurasoei egunotan Getxon

Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 11:01

Aurreko edizioaren ekimenaren aurkezpena.

Gurasoen edo helduen artean euskararen erabilera sustatzeko eta horren eredugarritasuna bultzatzeko baliabideak emateko helburua duen "Haurren aurrean Helduok heldu" sentsibilizazio- eta aktibazio-kanpaina abiatuko dute urriaren 19an. Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, Getxon, besteak beste, Udalaren, eta Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteen laguntzagaz, bigarren edizioa izango da aurtengoa. Egitasmoa hilaren 19tik 29ra artekoa izango da eta, tarte horretan, askotariko ekintzak egingo dituzte.

“Kanpainaren bidez helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztu nahi dugu eta horretarako baliabideak eta teknikak proposatuko dizkiegu, haurren aurrean eta haurrekin euskaraz egitera animatzeko baita inguruko gurasoekin ere. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak izango dira, inguruekin lehen hitza euskaraz egitera animatzeko”, azaldu du Irantzu Uriartek, Euskara zinegotziak .

Egitaraua

Kanpainaren egunetan, urriaren 19tik 29ra, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egitea proposatuko dute, euskaraz ondo moldatzen direnek gurasoei lehen hitzak euskaraz egiten (ulertzen duten ezagunei zein ezezagunei, baita horiek erdaraz hitz eginda ere), eta zailtasunak edukitzekotan ingurukoak euskaraz jarraitzera animatzen.

Kanpainaren aurkezpena urriaren 19an, 17:30ean, izango da Areetako Xake plazako auditoriumean, Jon Plazaola eta Itxaso Paya aktoreek bideratuta. Artista gonbidatu gisa Iholdi eta Ibabe Beristain (Goazen telesaila) eta reggaetoia euskaraz egiten duen Txekoslobako musikari getxoztarra izango dira. Esketxak, musika, eta familia-argazkia ateratzeko eta oroigarri gisa eramateko fotomatoia ere izango dira.

Urriaren 18an, eguaztenean, familia osoarentzako ekitaldia egingo dute Muxikebarri Antzokian, 17:30etik aurrera. Gurasoentzat "Umeek euskara gehiago erabiltzeko helduon rola" solasaldia izango da, Maite Garcia Ruiz, euskal Hizkuntzalaritza eta Filologian doktore getxotarraren eskutik –irakurri berari egindako elkarrizketa HIRUKA aldizkariaren 199. zenbakian–. Umeentzat, Madduki ipuin kontalariak hiru urtetik gorakoentzako saioa eskainiko du. Euskaraz izango da eta doako haurtzaindegi zerbitzua izango da. Izena aldez aurretik eman beharko da, hemen.

Familia osoarentzako beste doako ekitaldi bat izango da urriaren 23an, Getxo Elkartegian, 17:30ean hasita. "Pantailak euskaraz" izango da gurasoentzako solasaldiaren gaia eta interpretazio zerbitzua egongo da Telegram aplikazioaren bidez. Seme-alabek streaming plataformetan eta Interneten dauden edukiak eta bideo-jolasetan euskaraz aritzeko aukera izango dute. Izena aldez aurretik eman beharko da, hemen.

Gurasoak ahalduntzeko tailerrak

Azkenik, gurasoak ahalduntzeko tailerrak ere izango dira. Lehenengoa, guraso euskaldunak ahalduntzeko hizkuntza-ohiturak euskarara aldatze aldera, kezkak elkar banatzen eta egoera desberdinen aurrean estrategia eta baliabideez hornitzekoa izango da. Ordu eta erdiko tailer parte-hartzaile eta dinamikoa izango da, eta bertan Belarriprest eta Ahobizi figurak izateko tresnak eskainiko dituzte, gaiagaz kezkatutako helduentzat, aita-ama kuadrillentzat eta gurasoen elkartekoentzat.

Beste tailerra, "Yo no sé euskara pero Egun on" titulupean, euskara ez dakiten baina seme-alabei irakaskuntzan euskaragaz arrakasta izateko lagundu nahi duten gurasoentzat izango da. Horretarako aholkuak eta tresnak eskainiko dizkiete. Bi doako tailerretarako izen-ematea, hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun