Nerabeentzako euskarazko jarduerak antolatzen dituen Haria aisialdi-elkarteak jasoko du aurten Argia Ereiten Euskara Saria

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 2a, 11:43

Haria taldeko kideetako batzuk. © GETXOKO UDALA

Taldea sortu zenetik, begiraleak modu boluntarioan aritu dira lanean euskarazko jarduerak antolatzen, hala nola udaleku ibiltariak, txangoak eta naturara eta kultur ondarera hurbiltzeko ekimenak. Egindako lan hori aitortu guran, Argia Ereiten XIV. Euskara Saria jasoko du Haria euskal gazte aisialdi-elkarte getxoztarrak datorren azaroaren 7an, martitzenean. Sari-banaketa 20:00etan hasiko da, Muxikebarri Antzokian.

Haria taldea 2019an sortu zen. Urte horretan, Bapiruke udalekuetako begirale batzuk konturatu ziren ekimen horretan adinagatik parte hartu ezin zuten gazte eta nerabeek inguruan ez zutela euren aisialdirako antzeko eskaintzarik. Hala, “bueltak eman ondoren, sei bat monitore hasi ginen pentsatzen 12 eta 17 urte artekoentzat euskaraz jarduerak egiteko hutsunea zegoela, eta lanean hasi ginen zerbait eskaintzeko, horretarako Haria taldea abian jarriz”, azaldu du Garazi Aranguren begiraleak, ekimenean hasieratik dagoenak.

Arduradunek diotenez, taldeak hainbat balio sustatzea ere du helburu, hala nola mendizaletasuna, natura zaintzea, euskal ondarea, kultur artekotasuna eta ingurua ezagutzea, auzolana eta euskal gazteak harremanetan jartzea giro jatorrean. Horretarako, udaleku ibiltariak eta, urtean zehar, txangoak eta ekitaldiak antolatzen dituzte, herriko bizitzan parte hartzera animatzeaz gain, "biharko belaunaldi kritiko eta zentzudunak eraikitze aldera". Taldearen izenak adierazten duenez, nerabe eta euskararen arteko haria mantentzen lagundu gura dute.

Lehenengo udaleku ibiltaria 2020an antolatu zuten, Uribe Kostatik, eta ordutik etengabe aritu dira, euskaragaz eta gazteakaz hartu duten konpromisoa aurrera eramaten modu asanblearioan, gazteen iritziak eta partaidetza kontuan hartzen. Lan boluntarioa denez, aitortzen dute batzuetan zaila egiten zaiela konpromisoa euren bizitzaren zereginakaz bateratu ahal izatea. “Argi eduki dugu beti gure berezitasun bat borondatezko lana izatea dela, proiektuan sinisten dugulako eta ez dugulako bere xarma galdu nahi”. Horregatik eta proiektuak jarraipena edukitzeko, begiraleek 18 urte betetzen dituzten gazteak animatzen dituzte monitoretza titulua ateratzeko eta taldearen proiektuagaz bat egiten jarraitzeko, etorkizuna ziurtatze aldera.

Une honetan, 18 eta 32 urte bitarteko 10 bat monitore ari dira lanean eta, Arangurenek azaldutakoaren arabera, jarduerak 50 gazteri eskaintzeko aukera dute, gehiago artatzeko kapazitaterik ez dutelako. Gehienez autobus batean sartzen direnak onar ditzakete, eta horren, laguntzeko furgoneta baten, bazkariaren eta, behar izatekotan, aterpetxearen gastuak familiek ordaintzen dituzte, ez dutelako inolako diru-laguntzarik jasotzen. Euren eskaintzaren berri jendearen artean ahoz aho zabaltzen dute, eta urtetik urtera gero eta gaztetxo gehiago apuntatzen ari direla nabarmendu dute.

Elisabete Egiguren bi neskatoren ama da eta ondo ezagutzen ditu Haria taldearen lana eta begiraleen esfortzua. Hasierako urteetan alaba nagusia apuntatu zuen, lagunakaz gauzak euskaraz egin ahal izateko, eta, orain, alaba txikia apuntatu du. “Oso pozik joaten da, eta jardueratatik kanpo ere harremana mantentzen dute. Gure familiak bat egiten du taldeak sustatzen dituen baloreekin. Begiraleek lan bikaina egiten dute, ordu pila bat ematen dutelako lanean eta, horri esker, oso talde majoak sortzea lortzen dute. Begiak itxita gomendatuko nuke seme-alabak bidaltzea”, nabarmendu du Egigurenek.

Iritzi berekoa da Ekain Escudero, 16 urteko gaztea. Berak parte hartzen du taldeak antolatzen dituen jardueretan euskaraz bizi gura duelako eta oso ondo pasatzen duelako. Bapiruken amaitu ondoren, aukera ezin hobea iruditu zitzaion, bere hitzetan, kalean euskara gutxi entzuten delako. “Euskaraz bizitzeko aukera ematen digu Hariak. Oso giro polita dugu gure artean, familia bat bezalakoa gara”, aitortu du gazteak.

Poztasuna nagusi

Haria taldeko sustatzaile eta parte hartzaile guztiak poz-pozik daude jasotako sariagaz, beraiek egiten duten lana eta konpromisoa aitortzen dielako. Ekain Escuderori ilusio handia egin dio “proiektua ikusarazteko balio izango duelako”; Elisabete Egigurenek bat egiten du beragaz, eta uste du begiraleen meritua nabarmentzeko balio duela. Ildo berean, begiraleak ere pozik eta harro sentitzen dira, “ilusio handia egiten digu errekonozimendua eta bultzada ere izango da hurrengo jarduerak prestatzen jarraitzeko, esate baterako mendi irteera bat azaroan eta Gabonetako plana”, amaitu du Garazi Arangurunek.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun