Osoko bilkura

Maximo Agirre kalean hiri-bulebar berdea egiteko 620.000 euro bideratuko ditu Getxoko Udalak

Erredakzioa 2024ko urt. 26a, 12:44
Maximo Agirre kalea, artxiboko irudian.

Areetako Maximo Agirre kalea hiri-bulebar berde bat bilakatu gura du Getxoko Udalak eta, horretarako, 620.000 euro bideratuko ditu, proiektuaren zuzendaritza teknikorako eta Areetako Kale Nagusiaren erdi-peatonalizazioaren bigarren faserako. Kreditu gehigarri hori atzoko osoko bilkuran jakinarazi zuen gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE), esanez proiektu bietan eskatutako inbertsioaren % 10a dela hori, eta Europako NexGeneration funtsen finantzazioa dutela, emisio txikiko guneak sortze aldera.

Lurralde arloko azken informazio-batzordean aurreratu zen bezala, bi proiektuak era egokian aurkeztuko diren arren, Maximo Agirre kalekoan bidegorria eta, ahal den neurrian, zuhaiztia mantenduko direla jakinarazi zuten atzo arduradunek. Horrez gainera, gogoratu zuten informazio-batzorde berean adierazi zela emisio txikiko guneak ezartzeke daudela, airearen kalitateari buruzko azterlana egiten ari baitira. Bi neurgailu berriak, Algortako Euskal Herria eta Telletxe kaleen artean eta Areetako Mesedeetako kalearen inguruan kokatuta daudenak, hilerriaren eta Areetako hondartzaren inguruan dauden bi estazioei gehitzen zaizkie. Gailu berriek aparteko neurketak egingo dituzte sistema ondo kalibratzeko eta hobeto zehazteko zeintzuk izango diren batez ere  erdigunean egongo diren emisio txikiko guneak eta kaleak.

TAO kontratuaren esleipen berria eta beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera

Atzoko osoko bilkuraren eztabaidaren zati handi bat TAOri buruzkoa izan zen. Alde batetik, gobernu-taldearen aldeko botoakaz eta oposizioko alderdien abstentzioagaz, TAOren kontratua esleitu zaio hasierako esleipen-prozesutik kanpo utzi zen enpresari (auzitara jo zuena), eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia bete da. Epai hori ez zetorren bat Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren Udalaren aldeko ebazpenagaz, eta, ondorioz, Udalak atzera egin behar izan zuen espedienteko eskaintza ekonomikoen balorazioa egin zen unera eta, ondorioz, aldatu egin da zerbitzua bere gain hartuko duen enpresa.

Gobernuaren ustez, "desadostasun juridikoak dira, organo batek arrazoia eman zigulako eta EAEANk, Udalaren aldeko ebazpen horren aurka agertu zenak, kendu egin zigulako". EH Bildurentzat, "esleipena gaizki eginda zegoen. TAO kudeatzen aritu den enpresak bere inbertsioak egin zituen eta ez dakigu Udalari aparteko gasturik ekarriko dion". Beste alde batetik, Elkarrekin Podemosen iritziz, "prozesuak akatsak zituen sortu zenetik, ez bakarrik kontratazioa errepikatu behar izateagatik, baizik eta herritarren eskaerei erantzun gabe ordenantza diseinatu eta onartzeko moduagatik". Gobernuak erantzun zuen esanez ez zuela gaizki jokatu eta errepikatu zuen desadostasun juridikoak zirela: "Udaleko zerbitzu juridikoak eta teknikoak lanean aritu dira prozesu honetan parte hartu duten bi enpresekin trantsizioa herritarrei ahalik eta eragin txikienaz garatzeko".

Beste alde batetik, PPren mozio bat onartu zuten, kasu honetan ere gobernu-taldearen aldeko botoakaz eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien abstentzioagaz. Mozioaren xedea zen TAOko eremuak handitzeko beharrezko azterlanak eta izapideak hastea; izan ere, "saturazio nabarmena eragin du eremu urdinaren inguruko kaleetan, ordainketa-sistema hau ez duten eremuetako egoiliarrei kalte eginez". Gobernuaren ustez beharrezkoa da zerbitzuaren erantzuna eta eraginkortasuna ebaluatzeko azterlan zehatza egitea: "Ebaluazio mota hau funtsezkoa da aparkalekuaren erregulazioan aldaketak izan duen eragina ulertzeko eta hobetu daitezkeen zonak identifikatzeko. Batez ere garraio publikotik gertu egoteagatik gainezka egiten duten zonak, eta zerbitzua hobetzeko funtsezkoak direnak ezagutzeko".

Beste mozio batzuk

Gainera, lekukotza gisa, beste bi mozio onartu ziren. Batetik, PPk “trafiko ordenantza aldatzeko” egindako proposamenari oniritzia eman zaio, “MPI-mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabilera arautzeko”. Ildo horretan, EAJk eta PSE-EEk adierazi zuten: “Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Erregelamenduak udal-araudia ordenantza bidez garatzeko aukera ematen duen arren, gero eta zehatzagoa den araudi bat du, MPIen eta herritarren arteko bizikidetza bermatzen duten alderdi garrantzitsuenak jorratzen dituena. Hala ere, arazoa areagotuz gero, ez da baztertzen etorkizunean mugikortasun ekonomikoaren ordenantza egokitzea”.

Bestetik, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat ere onartu zuten, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko azter dezala Getxo eta Loiuko aireportua lotuko dituen autobus zerbitzu baten aukera, eta, datuek hala eskatzen badute, zerbitzu horren ezarpena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun