Udalerriko 80 saltokik bat egin dute Getxoko Udalak bultzatutako Eskola Bideen proiektuagaz

Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 12:57

Ekimenaren helburua da udalerriko Lehen Hezkuntzako ikasleen artean mugikortasun jasangarri eta seguruko moduak sustatzea eskolara joateko joan-etorrietan. Establezimendu batzuk irekita egongo dira haurrak eskolara joaten direnean, eta beste batzuk eguerdian edo arrastian. Horiek logotipoa duen pegatina bat izango dute erakusleihoan.

Guztira, herriko 80 saltokik bat egin dute Getxoko Udalak bultzatutako Eskola Bideen proiektuagaz. Liburu-dendek, farmaziek, ile-apaindegiek, harategiek eta arrandegiek, okindegi-gozotegiek, frutategiek, moda- eta konponketa-dendek, dekorazio- eta kirol-dendek, zapata-dendek, sarrailategiek, kioskoek, estankoek, tabernek eta kafetegiek, hau da, askotariko establezimenduek, erabaki dute ekimen horregaz elkarlanean aritzea; izan ere, ekimenaren helburua da udalerriko Lehen Hezkuntzako ikasleen artean mugikortasun jasangarri eta seguruko moduak sustatzea eskolara joateko joan-etorrietan.

Hortaz, proiektuan parte hartzen duten pertsonek eta erakundeek (ikastetxeek, guraso-elkarteek eta, oro har, herritarrek) elkarregaz diseinatutako eskola-ibilbideetan zehar, bidea oinez egiten duen ikasleak beti izango du denda bat laguntzeko. Establezimenduetako batzuk irekita egongo dira haurrak eskolara joaten direnean, eta beste batzuk eguerdian edo arratsaldean. Horrela, denda laguntzaileek proiektuaren logotipoa duen pegatina bat erakusten dute erakusleihoan edo bide publikotik ikusteko moduko leku batean. Horrela, adingabeek erraz identifika dezakete ibilbidea eta, behar izanez gero, dendarien laguntza jaso dezakete establezimendutik igarotzean.

“Ikastaroa aurrera doa, eta gero eta pertsona gehiagok ezagutzen dute proiektua, eta proiektuan laguntzen dutenek aukera dute ibilbidean zehar goraberaren bat gertatzen den ikusteko. Hala izanez gero, ikastetxearekin edo familiekin harremanetan jar daitezke, edozein arazoren berri emateko. Lankidetza-maila horrek familiengan konfiantza handiagoa sortzeaz gain, erreferentzia ere bihurtzen da eskola-bide hori erabiltzen duten haurrentzat”, Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi arduradunak azaldu duenez.

Azkenik, Urkitzak aipatutako saltokien laguntza eskertu du, eta azpimarratu du: “lankidetza funtsezkoa izanik, ez ditugu alde batera utzi behar herrian kontsumitzean lortzen ditugun onura ugariak; izan ere, tokiko merkataritza funtsezko zutabea da komunitateen bizitzan, hurbiltasunagatik, tratu pertsonalizatuagatik eta ematen digun konfiantzagatik. Herrian kontsumitzeko ohiturak ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen du, eta eragin handiko garapen sozial eta ekonomikoa ere bultzatzen du”.

Parte hartzen duten establezimenduen zerrenda.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun