Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival jaialdiaren hainbat jarduera hartuko ditu Getxok aurten ere

Erredakzioa 2024ko ots. 21a, 12:13
Ume bat surfa egiten, artxiboko irudian.

Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival-LKBSFF jaialdiaren inaugurazio-ekitaldia hartuko du Getxoko Muxikebarri Antzokiak datorren eguaztenean, otsailaren 28an, hirugarren urtez jarraian. Ekimena martxoaren 3ra bitartekoa izango da, Getxon eta Bilbon.

Inaugurazio ekitaldia arrastiko 18:30ean hasiko da Muxikebarriko Ereaga aretoan, eta, bertan, surf, zinema eta kirol industriako gonbidatuek hartuko dute parte. Nobedadeak aurkeztuko dituzte, besteak beste, aurtengo dinamika jasangarri berria, SurfAid nazioarteko GKEarekiko lankidetza edo EITBgaz batera "Primeran” euskarazko streaming plataformarako garatu den Surfing 360 asmo handiko proiektuaren aurkezpena.

Egun horretan bertan, goizean, 09:30etik aurrera, proiekzioak, hitzaldi bat eta erakusketa bat izango dira Getxoko ikastetxeentzat, surfari eta iraunkortasunari buruz.

Eguenean, otsailaren 29an, eta barikuan, martxoaren 1ean, ikus-entzunezko industriari eskainitako bi jardunaldi izango dira. Gai hauek jorratuko dira, besteak beste: Euskadin ekoiztea eta banatzea, 2024an ikus-entzunezko ekoizpenaren gakoak edo Adimen artifiziala ikus-entzunezkoetan.

Barikuan ere, Fangalokan, eko-party bat izango da, non jaialdiaren dinamika jasangarria aurkeztuko den, María Martinez eta Laura Coviellaren film laburren proiekzioagaz eta Guillermo Gutierrez, Willy, Los Brazos-eko gitarra-jotzailearen kontzertuagaz.

Informazio gehiago eta jarduera egitarau osoa: https://bsff.eus/   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun