Panda Raid 2024

Bidearen erdian matxurak izan arren, bigarren etapa bere egin dute Fadurako raiderrek

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 6a, 16:06

Fadura LHII institutuko raiderrek bigarren etapa mendean hartu zuten astelehenean, hilaren 4an. 314 kilometro zeharkatu behar izan zituzten eta, handik HIRUKAri jakinarazi diotenez, zailtasunak zailtasun, “nahiko fin” ibili ziren. Izan ere, etaparen erdian, oraindino 140 kilometro inguru zain zituztela, autoetako bat matxuratu zitzaien, baina estualditik ateratzeko moldatu ziren, kanpamendura ailegatu arte.

Bigarren etapa harea askokoa izan zen, eta nahiko bizkor aritu ziren, duna zurien artean. Garikoitz Urizar irakasleak HIRUKAri azaldu dionez, oso fin ibili ziren bidean, roadbook-agaz ondo moldatuta.

Kotxeei dagokienez, ondo moldatu ziren arren, bidearen erdian, oraindino 140 kilometro aurretik zituztela, autoetako batek matxura izan zuen, eta antolatzaileei deitu behar izan zieten ibilgailua atoian eraman zezaten kanpamenduraino; “ez genuen kotxea arriskatu nahi, badaezpada, matxura gehiagora joatearen beldurrez”. Hala ere, gauera arte itxaron behar zutela jakin zutenean, zingila batzuen bidez, estualditik ateratzeko konponketa egin eta aurrera jarraitu zuten.

Behin kanpamenduan, ikasle-irakasleak lanean jarri ziren matxura konpontzeko. Hala, erradiadorearen zati bat eta karterrean izandako kolpe bat konpondu zituzten, gau osoan beharrean aritu ostean. Hala, egindako lanari esker, kotxea prest utzi zuten hurrengo egunean hirugarren etapari aurre egiteko.

© PANDA RAID

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun