Udalak udalerriko 8 saltoki saritu ditu Getxo Hurbil sarien I. edizioan

Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 11:52

GetxoHurbil merkataritza-sariak banatuko ditu gaur Getxoko Udalak Muxikebarri Antzokian, 20:00etatik aurrera. Sarion helburua da udalerriko merkataritza-jardueragaz zerikusia duten establezimenduak aintzatestea, sustatzea eta ikusaraztea, baita sektoreko eragileen lana nabarmentzea. Adituen epaimahai batek aukeratu ditu saritutako enpresak, herritarrek, merkataritza-elkarteek eta sektorearekin zerikusia duten beste erakunde batzuek aurkeztutako 80 hautagaien artean.

2024ko sariak eta epaimahaiaren azalpenak

"Tradizioa eta ibilbidea": Zuricalday (Algorta eta Areeta). Aipamen bereziak: Librería Lopez eta JB modas.

20 urteko baino gehiagoko ibilbide komertziala duten saltokiei zuzenduta dago, garai berrietara egokitu direnei, beren funtsari eutsiz eta sustraiei uko egin gabe. Ibilbide luzea izatea eta urteetan zehar garai berrietara egokitzea baloratuko da, baita belaunaldien arteko erreleboa edo negozioaren transmisioa jatorrizko esentzia bera mantenduta.

"Komertzio sortu berria-Ekintzailetz"a: BHU-Borja Hernandez Urrutxurtu Atelier.

Azken 3 urteotan ireki duten komertzioei zuzenduta dago, bereziki beren inpaktuagatik, originaltasunagatik, ekimenagatik, ahaleginagatik, negozio ereduagatik… nabarmendu diren ekintzaileei.

"360º iraunkortasuna": Amasarte Labea.

Kontsumo arduratsua edo ingurumenarekiko eta gizartearekiko errespetuzkoa sustatzen duen negozio eredua duten saltokiei zuzendua, betiere GJHrekin (Garapen Iraunkorreko Helburuak) lotuta daudenei, bai hurbileko produktuak, produktu ekologikoak eta sasoikoak saltzeagatik, bai ekonomia zirkularrarekin lotutako balioak lortzeagatik, bai Zero xahutzeagatik, bai hondakinen kudeaketa egokiari buruzko ekimenak egiteagatik, bai energia edo ura aurrezteagatik, bai gizarteratze-programak garatzeagatik, bai aukera-berdintasuna sustatzeagatik…

"Berrikuntza. Negozio ereduaren eraldaketa": Vito 52.

Beren produktuei balioa gehitu dieten zerbitzuak arrakastaz eskaini dituzten saltokiei zuzendua, baina ez soilik teknologia mailan, izan daiteke salmenta modu edo zerbitzu berrien bidez, salmenta puntuan egokitzapenak eginez…

“Ekin merkatari” saria: Aingara.

Udalerriko enpresa-parkea dinamizatzearekin lotuta dauden saltokiei zuzendua, hain zuzen hainbat jarduera eta programatan parte hartuz edo lankidetzan jardunez: KaiShop, GetxoAktibaTU!, Gabonetako kanpainak, Getxo Bono, Izakinen Merkatua, elkarteek antolatutako dinamizazio-kanpainak, tokiko erosketa sustatzeko banakako kanpainak, aholkularitza-programak...).

“Getxoren arima”. Kantxa Kirol Moda

Eguneroko kontsumorako hurbileko saltokiei zuzenduta dago, beren ezarpenagatik eta beren identitateagatik funtzio soziala betetzen dutenei, arrazoia edozein dela: zerbitzu-bokazioa, berezitasuna (bertako artistak hartzen dituztelako, artisau-produktuetarako, artistentzako txokotxuren bat dutelako...), bezeroei arreta emateko duten modua (euskara) eta Getxoko ikur izatea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun