Dena dute prest Itzubaltzeta/Romon eta Algortan Athletic Kopako finalean animatzeko

Erredakzioa 2024ko mar. 22a, 15:54
2009an ere pantaila erraldoiak jarri zituen Udalak Athletic zaleak. © GETXOKO UDALA

Santa Eugenia eta Telletxe plazak Athletic animatzeko erdiguneak izango dira hurrengo apirilaren 6an, Getxon. Bertan, hainbat kirol eta aisialdi jarduera egingo dituzte 18:00etatik 20:30era, eta pantaila erraldoiak ere jarriko dituzte 22:00etatik aurrera partidua ikusi ahal izateko.

Apirilaren 6an, Athletic Clubek eta R.C.D. Mallorca taldeek jokatuko duten Errege Kopako finalaz gozatzeko, Getxoko Udalak gune berezi bi prestatu ditu Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan eta Algortako Telletxe plazan. 2015ean bezala, zaleek zuzenean jarraitu ahal izango dute neurketa, 22:00etatik aurrera, aipatutako lekuetan jarriko dituzten 5x3 metroko pantaila erraldoien bidez.

18:00etatik aurrera, Algortako Geltokia plazan, hiruko futbol kantxa bat jarriko dute, eta herri kirolak, zumba klase bat (19:30-20:30), puzgarriak eta makillaje tailer bat ere izango dituzte.

Aldiz, Santa Eugenia plazan honako ekintzak egingo dituzte egun horretan, 18:00etatik aurrera: mahai tenisa, hiruko futbola, zumba klasea, puzgarria eta makillaje tailerra.

Eguraldi txarra izanez gero, elkarte eta kirol-kluben laguntzagaz antolatutako ekitaldi guztiak eta partidaren emanaldia Gobela eta Fadura kiroldegietara eramango dituzte.

Aldaketak garajeetako sarbideetan

Udalak adierazi duenez, antolatuko dituzten jarduerengatik, eta hiritarren segurtasuna bermatzeko, zapatu horretako 17:30etik domeka goizaldera arte, Telletxe kaleko 1Bko garajerako sarrera eta irteera Zuricalday gozotegi ondotik egingo da, eta Telletxeko 1C eta Dko garajeetakoek eta Juan Bautista Zabala eta Torrene kaleei dagokiena, Algortako etorbidea hartu eta J. B. Zabalatik sartu beharko dira (eta alderantziz irteteko). Era berean, Itzubaltzeta/Romon, Errekaganetik Caja de Ahorros kalerako ibilgailuen sarbidea ere moztuta egongo da 17:30etik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun