Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Pradalesen hitzaldi guztiak EAJren Gobernuari "osoko zuzenketa" direla esan du De Andres PPren lehendakarigaiak Areetan

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 9a, 13:38
Astelehenean Areetan egindako ekitaldian, Raquel Gonzalez, Alberto Nuñez Feijoo, Javier De Andres eta Eduardo Andrade. © PP BIZKAIA

Javier De Andres PPren lehendakarigaiak adierazi duenez, Imanol Pradales Lehendakaritzarako hautagai jeltzalearen hitzaldi guztiak EAJren Gobernuak egin duenaren "osoko zuzenketa" dira. Era berean, Eneko Andueza hautagai sozialistaren kontra jo du: "[EH] Bildugaz itunik ez duela egingo esaten du behin eta berriz", baina "mundu guztiak daki Pedro Sanchezek esandakoa egingo duela".

Apirilaren 21eko hauteskundeei begira, atzo, astelehenean, Areetako San Joseren jauregian egindako ekitaldi politikoan, Javier De Andres lehendakarigai popularrak bere doluminak agertu zituen Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiaren heriotzagatik: "Elkarrizketarako gizona zen, eta elementu garrantzitsuenetan ulertu genuen elkar, bereziki terrorismoaren aurkako borrokan".

Hauteskunde-kanpainari dagokionez, Pedro Sanchez Espainiako presidentea gogor kritikatu zuen popularrak, baita Eneko Andueza lehendakarigai sozialista ere. De Andresen ustez, Anduezak "[EH] Bildugaz itunik egingo ez duen ideia transmititzea" azpimarratu du, badakielako "jendeak ez diola sinesten", baina zapatuan erabili zuen modua "oso bitxia" izan zela uste du, "moralki Bilduri botoa emateko moduan ez dela sentitzen esateko betebeharrean ikusten zuelako bere burua, baina Sanchezen aurrean egin zuen, bera baita gobernuko presidentea Bilduren botoengatik".

Beste aldetik, Imanol Pradales lehendakarigai jeltzalea jarri zuen jomugan, esanez bere diskurtso guztiak EAJren Gobernuak egindakoari "osoko zuzenketa" bat dela: "Etengabe esaten du ez duela EAJk egin duen gauza bera egiten jarraituko". Ildo horretan, aurpegiratu zion hori hala balitz, EAJk hautagai bat hartu duela gauzak ezberdin egiteko, "EAJk egindakoa ez delako ondo atera".

Horren aurrean, PP "alternatiba" dela esan zuen, "proiektu ezberdin bategaz" Euskadirentzat, "erkidego aberatsena" baitzen, eta jada ez dena, "EAJren eta bere bazkidearen, PSE-EEren, erruz". Horri jarraituta, De Andresek ondorioztatu zuen "kudeaketa txarra" bat egon dela EAEn, "bai osasunean, bai hezkuntza eta baita segurtasunean ere". Azken finean, "proiektu txar" bat egon dela.

Amaitzeko, "EAJren eta PSE-EEren alternatiba erreala" aurkezteko moduan dagoela esan zuen, eta PPk "proiektu modernoa, egungoa eta Espainiarentzat eta Europarentzat irekia" duela azpimarratu zuen.

Lehendakarigai popularragaz batera, besteak beste, PPko presidente Alberto Nuñez Feijoo egon zen Areetan, eta horrek hari bozkatzeko deia egin zuen, datorren apirilaren 21ean,  "EH Bildu Eusko Jaurlaritzara heldu ez dadin".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun