Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Inkonformismotik hobetzen jarraitzeko hitza eman du EAJk Getxon egindako hauteskunde-ekitaldian

Erredakzioa 2024ko api. 15a, 10:47
EAJko lehendakarigaiak mitina eman zuen zapatuan, apirilak 13, Algortako Telletxe plazan. © EAJ

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia, Iñigo Urkullu lehendakaria, EBBren buru den Andoni Ortuzar eta Bizkaiko hautagai Maitane Ipiñazar Getxon izan ziren zapatuan, EAJk Uribe Kostan egin duen hauteskunde-ekitaldi nagusian. Besteak beste, azpimarratu zuten apirilaren 21ean "euskal hiritarren ongizatea dela jokoan dagoena", eta zalantzan daudenei eskatu zieten "exijente izan daitezela, gehiago eska diezagutela... baina botoa ematera joan daitezela".

EAJko lehendakarigaiak aditzera eman zuenez, "apirilaren 21eko hauteskunde hauetan Euskadiren etorkizuneko gizarte eredua dugu jokoan. Hurrengo helmugara eramango gaituen euskal hegazkina nork gidatuko duen izango dugu jokoan. Oparotasunean, askatasunean eta etorkizunean haztea dugu jokoan. Edo atzera egitea, ziurgabetasunez beteta eta beti inoren kontrolpean".

Pradalesek gogora ekarri zuen Euskadin oso bizi-kalitate ona dagoela, nahiz eta "denek herriaren eraikuntzaren alde arraun egin nahi ez duten. Aurrera egiteko proiektuak sustatu ditugunean, badira ezetza besterik eman ez dutenak: ez esan zioten Guggenheim Bilbao museoari, ez metroari, Donostiako topoari, Gasteizko tranbiari, portuak handitzeari, Donostia-Iruñea autobiari, San Mames Barriari, Basque Cullinary Center-ari eta Zabalgarbi eta Zubietari. Inork imajinatzen al du gaur Euskadi zelan egongo zen ezetz haiek onartu izan bagenitu?".

Era berean, hautagaiak adierazi zuen "ezetza" ere badela herriarentzat estrategikoak eta aurrerapenezkoak diren proiektuei ematen dioten erantzun bakarra, hala nola itsasadarraren azpiko tunelari, abiadura handiko trenari, Donostiako Basque Culinary Center-a handitzeari edo Guggenheim Urdaibairi. "Beti esaten diote ezetz Euskadiren aurrerabideari. Eta herri honetako garairik gogorrenetan, inoiz ez dute lagundu. Kontra egitea izan da beren jarrera bakarra", adierazi zuen.

"Euskal gizarteak jakin behar du zein den bakoitzak defendatzen dugun gizarte-eredua. Gure eredua argia da, tolesik gabea. Ongizatean haztea, agenda hirukoitz baten bidez", ziurtatu zuen lehendakarigaiak, eta mugikortasunaren eta azpiegituren arloko proposamenak zehaztu zituen. "Lehentasuna emango diogu Euskadiko Abiadura Handiko Trenbidearen amaierari, hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikiko dugu eta Bilboko Portuarekin eta Abiadura Handiko Sarearekin lotuko dugu, 5. linea amaituko dugu, eta metroaren 4. linea berria eta Enkarterrirekin duen lotura bultzatuko dugu, Bilboko tranbia Zorrotzaurrera zabalduko dugu eta aireportuen eta portuen kudeaketa lortzeko lan egingo dugu", iragarri zuen hautagaiak.

Botoa erabaki gabe

Urkullu lehendakariak ere hitza hartu zuen ekitaldian, eta zera adierazi zuen: "Euzko Alderdi Jeltzaleak erakundeetatik lortu du Euskadi den bezalakoa izatea. 10 urtetan, 121 lege berri eta autogobernurako 14 eskumen; hiru ospitale berri, 12 osasun-zentro, hiru osasun-ikerketarako zentro eta 26 ikastetxe; gizarte-larrialdietarako laguntzak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzarako prestazioa bikoiztu ditugu; gazteentzako laguntzak 20 aldiz biderkatu ditugu. Gaur egun, Euskadin milioi bat pertsonak lan egin eta kotizatzen dute, eta gazteen langabezia % 30etik % 10era jaitsi da hamar urtean... Imanol Pradalesi eta Euzko Alderdi Jeltzaleari konfiantzazko botoa emateko eskatzen dizuet, Euskadi eraikitzen eta hobetzen jarraitzeko".

Beraiekaz batera izan zen Andoni Ortuzar EBBren presidentea, eta horrek ere hitza hartu zuen Urkulluren ostean: "Argi dago gauza batzuk hobetu egin behar direla, baina gure bizi-kalitatea ona da eta bermatu egin behar dugu bizi-kalitate hori arriskuan jartzen duten hautagaien aurrean".

Gainera, Ortuzarrek azpimarratu zuen oraindino domekako hauteskundeei begira % 25 direla zalantzan daudenak, erabakia hartu gabe daudenak, hain zuzen. "Lau pertsonatik bat erabakia hartu gabe dago oraindik. Eta inkesta guztiak bat datoz: botoa emango balute, gehienek EAJ bozkatuko lukete. Badakigu zein den gure zeregina. Zalantzan daudenak zein diren antzeman, eurengana hurbildu eta botoa EAJri ematea eskatu".

Halaber, EBBko presidenteak zuzenean hitz egin gura izan zien pertsona horiei, beren konfiantza eskatzeko: "Gaur hemendik esaten diet zorrotzak izan daitezela, kritikoak izan daitezela, gehiago eska diezagutela... baina botoa eman dezatela, eta apirilaren 21ean baino, apirilaren 22an zer gertatzea nahi duten pentsatuz egin dezatela. Eta egun horrek egunsenti garbia ekarri behar digu, hodeirik gabea, ziurtasunak, egonkortasuna eta etorkizun oparoa. Horregatik joan behar dugu botoa ematera eta Euzko Alderdi Jeltzalea bozkatzera".

Bukatzeko, Maitane Ipiñazar Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko hautagai jeltzaleak ere parte hartu zuen EAJk Getxon egindako ekitaldian. Hautagaiak adibidetzat jarri zituen Inazio, etxeko laguna, alderdiak adinekoen beharrei erantzuteko martxan jarriko dituen neurriak zerrendatzeko: “Inazio gizon independentea da, gauzak bere kabuz egiteko gai da, baina datozen urteetan nola lagundu ahal izango diogu? Nola erraztuko diogu bizitza?”. Eta galdera horiei guztiei erantzuteko, EAJk proposatzen dituen ekimenetako batzuk zerrendatu zituen: “Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko programa bat jarriko dugu martxan; ahalik eta bizitza autonomoena izaten jarraitzeko lan egingo dugu, ahal den guztietan, etxean; zaintzarik behar izanez gero, hor egongo gara, profesionalizatutako eta kalitatezko zainketa-sistema bat indartzen”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun