Zobaranen alde, protesta egingo dute bihar Frantziako kontsulatuan

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 17a, 17:37

Pasa den barikuan dozenaka lagun batu ziren Amurrion, Zobaran eta Goieaskoetxearen alde. © AAEAM

Aletxu Zobaran Arriola preso gorliztarrak eta Ibon Goieaskoetxea Arronategi gatibu busturiarrak protestaldia abiatu zuten pasa den abuztuaren 8an, Valenceko espetxean, Frantziako Estatuak darabilen euren eta EPPKko kideen aurkako sakabanaketa politika salatzeko. Beren buruak isolamendu ziegetan sartu eta bisitei uko egin dizkiete. Zobaranek gose greba ere abiatu zuen Goieaskoetxearengandik banatu ostean, baina espetxe-zuzendaritza egoera lehengoratzeko prest agertu ondoren bertan behera utzi zuen baraua. Bihar, eguena, sostengua erakutsiko die Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak; horretarako, elkarretaratzea antolatu dute 19:00etan, Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean.

Zobaran eta Goieaskoetxea pasa den ekainean eroan zituzten Valenceko kartzelara, Alpeen ondora, Euskal Herritik 962 kilometrora. Hausnarketa baten ondoren uztailaren 20an salaketa publikoa egin zuten. Preso bien ustez, "probokazio berria" eta "sakabanaketaren areagotzeari larria" zen hara bidali izana: "Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako eraso zuzena". Gainera, Valencera eroateko "agintari frantziarren argudio nagusia 'familiak gerturatzea'" izan zela gogora ekarri zuten, haien ustez "gure familiaz eta gure herriaz trufatzen dira". Bizkaitarrak prest agertu ziren sakabanaketa-politika borrokatzeko eta "laguntza praktikoa eta sostengua eskatu" zieten euskal herritarrei.

Pare bat aste beranduago, abuztuaren 8an, Zobaran eta Goieaskoetxea "mitard"-ean sartu ziren, isolamendu ziegetan, preso politikoen sakabanaketaren areagotzearen aurka protesta egiteko. Era berean bisitei egin zieten uko. AAEAMk jakinarazi zuenez, isolamendu ziegetan "'istiluen aurkako' arropaz jantzitako txakurrak agertu ziren (kaskoak, eskudoak,...)". Zobaran eta Goieaskoetxea "ez zituzten jo baina euren ziegetara eraman zituzten besotik helduta eta patio orduan patiora eraman zituzten ere". Horren aurrean, bizkaitarrek "beste planto bat egin zuten zigor ziegara eraman zitzaten". Kasu horretan, modulu ezberdinetan banatu zituzten eta Zobaranek gose grebari ekin zion neurri berri horren kontra.

Egun bi beranduago, Gorlizko "preso politikoak bertan behera utzi" zuen "astelehenetik mantendu zuen gose greba. Espetxeak emandako azalpenaren arabera, Ibon Goieakoetxea eta Aletxu Zobaran banatzearen arrazoia moduluko zigor ziegak beteta zeudela izan" zen. Halere, biek urruntzea eta sakabanaketaren aurkako borrokaldiari eutsi diote.

Zobaran eta Goieaskoetxearen uztaileko oharra

Zigor espetxe berria euskaldunontzako alpeen magaletan. Sakabanaketaren areagotzeari STOP!

Frantzian irekitako Maison Central berriena edo berrienetarikoa dugu Valencekoa, 2016ko urtarrilean irekia. Espetxe hau Euskal herritik 962 kilometrotara dago. 2016ko ekainean bi euskaldun ekarri gintuzten hona: Ibon Goieaskoetxea Arronategi eta Alex Zobaran Arriola.

Hasieratik era zuzenen eta gordinenean erantzun behar genuela pentsatu genuen sakabanaketaren areagotzeari larri honen aurkako  protestan, baina probokazio berri honen aurrean tentuz eta denborak neurtuz erantzutea hobetsi genuen, barruan zein kanpoan egin ahal ziren analisi, posizionamendu edota erreakzioak hobeto antolatu ahal izateko. Eraso hau dimentsio zabal batean kokatzen genuen, ez da soilik gure arazo edo egoera pertsonalen ingurukoa. Momentuz baina, gure senide eta gertukoen kezka bakarrik igarri dugu.

Azken mugimendu hau, gure ustez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurkako eraso zuzena dugu. Ez da bakarrik sakabanaketa eta urrunketa mantentzen dutela baizik eta areagotzen dutela. Horregatik, koherentzia politikoagatik, eraso honi aurre egin behar zaiola uste dugu.

Gauzak horrela, euskal preso politikoak Valencera ekarri izana publikoki salatzea erabaki dugu, eta errepikatzen dugu, ez –bakarrik- dispertsioaren aurkako oihu gisa baizik eta dispertsioaren areagotzearen aurka.

Espetxe honetara ekartzeko agintari frantziarren argudio nagusia "familiak gerturatzea" da. Beraz, kontua ez da bakarrik Kolektiboa erasotzen dutela; gutaz, gure familiaz eta gure herriaz trufatzen dira ere.

Ez dugu hemen gelditzea onartuko egoera normala balitz bezala. Euskal Herrira gerturatu eta kideekin biltzea aldarrikatuko dugu eta horretarako borroka egitea tokatzen zaigula ikusten dugu. Ondo landuta emaitzak eman ahalko ditu egitasmo honek. Lanketa egokia pasatzen da, zalantza barik, duela gutxi Fresnes, Poitiers edo Fleury-Merogiseko kideen elkartasunarekin bezala, herria inplikatzetik, borroka ekimen guztietan parte hartuz, gutun-lekuko-eskaerak bidaliz baita ere Valenceko espetxe honen izaera suntsitzailea salatuz (honen berri latza ere emango dugu laster). Ekinbide eremu hau kanpoko jendeari dagokizue bereziki beraz; guk laguntza praktikoa eta sostengua eskatu nahi dizuegu guztioi. Guztion artean lortuko dugu garaipen txiki hau, garaipen handia gero: beti borrokan!

Gora Euskal Herria eta Askatasuna!

Valence, 2016ko uztailak 20

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun