Mendibike Martxaren 25. urteurrena ospatuko dute domekan

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 23a, 16:53
Iazko irudi bat. © MENDIBIKE

Mende laurdena beteko du domeka honetan Gorlizko Mendibike Martxak. Antolatzaileek hainbat opari egingo diete parte-hartzaileei, tartean txipak eta puzgarriak.

Gorlizko MTB Mendibike Martxa egingo dute domeka honetan, irailak 25, goizeko 09:00etatik aurrera. Irteera, ohi legez, Gorlizko kirol instalazioetatik egingo dute. Halere, dena ez dute betiko moduan egingo, "25. urteurrena handitasunez ospatzeko" asmoz. Mendibike elkarte antolatzaileak iragarri duenez, aurtengo edizio biribilak nobedade interesgarri bat dakar: dortsalek txip elektroniko bana izango dute, txirrindulariek jakin ahal izateko zenbat denbora behar izan duten ibilbidea egiteko. Ostera, akordura ekarri dutenez, Mendibike Martxa "ez da lasterketa bat". Probak ibilbide bi ditu. Laburrenean, txirrindulariek 30 kilometro bete beharko dituzte; desnibela 1.000 metrokoa izango da; zailtasun fisiko eta teknikoa ertaina izango da eta anoagune bi izango dira, likido eta solidoak biak. Ibilbide luzean, ordea, distantzia 45 kilometrokoa izango da; desnibela, 1.650 metrokoa; zailtasuna, ertain-altua; eta hiru anoagune egongo dira.

Martxa txikia eta gaztea

Martxa nagusiagaz batera, Mendibike elkarteak beste proba bi antolatu ditu, gazteentzat eta txikientzat. 4 eta 11 urte bitarteko neska-mutil txikiek kiroldegia hartuko dute, bertan hiruzpalau kilometroko ibilbidea egiteko, goizeko 10:30etik aurrera. 11 eta 16 urte bitarteko gaztetxoak aurretik hasiko dira, 10:00etan. Horiek 8 kilometroko ibilbidea egingo dute Gorlizen inguruan, elkarteko jagoleek lagunduta. Gainera, goiz osoan, ginkana izango da kiroldegian, eta bizikletaz nekatuta daudenek puzgarri bat izango dute aukeran, jolasteko. Ume eta gazteek 7 euro ordaindu beharko dituzte federatuta badaude; 3 euro gehiago, ez badaude. Izen-emateak Sailkapenak.com webgunean egin daitezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun