Gorliz 2016-11-12 10:30

Gorlizko Udalak HAPOren Aurrerapena ezagutaraziko du, laster

Gorlizko hirigintza antolatzeko alternatiben txostena aurkeztu du; horregaz, zelako Gorliz gura duten eztabaidatzeko aukera zabalduko du, Gorlizko hiri-ereduaz berba egiteko.

Udalerriaren Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) Aurrerapena jendaurrean aurkeztea onartu zuen Gorlizko Udalbatzak urriko osoko bilkuran, alderdi politiko denen adostasunagaz. Orain dela urte bi edo hasi zuten HAPO berritzeko prozesua; izan ere, urte luzez egon da egokitu barik aurreko HAPO. «Guztiz zaharkituta eta iraungita zeuden udalerriko arau subsidiarioak», Arantza Etxebarria alkateak onartu duen legez.
 Getxoko Estudio K-k egin du HAPOren Aurrerapena deritzon txostena; MASen laguntza izan du alde juridikoan, Basoinsarena ingurumen kontuetan, eta ADo2 Consulting arduratuko da Plana jendarteratzeko prozesuaz eta elkarteen zein herritarren parte-hartzeaz. Azken hori helburu, HAPOren Aurrerapena ezagutzeko aukera egongo da laster, Sertutxena kultur etxean ipiniko dute-eta ikusgai. Horrez gainera, tailerrak antolatuko dituzte, Gorlizko elkarteakaz zein goliztarrakaz, euren iritziak eta iradokizunak jasotzeko (oraindino ez dute datarik zehaztu).
 EAJ eta EH Bildu alderdiakaz bilerak egin dituzte daborduko; Independenteakaz laster batuko dira. HAPOren Aurrerapenari alegazioak edo iradokizunak egiteko hilabete biko epea egongo da; arlo honi dagozkion erakundeek alegazioak egin ahal izango dituzte, eta herritarrek, iradokizunak. EAJko alkate Arantza Etxebarriak esan duenez, "gorliztarren iritziak entzun eta jasoko ditugu, eta kasu egingo diegu; arlo honi dagozkion hirigintza-arau, jarraibide zein mugak kontuan hartuta".


Udal-mailako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) helburua da udalerria antolatzeko oinarri nagusiak jasotzea, indarrean dauden arauak, mugak eta  jarraibideak kontuan hartuta (Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legea; LAG Lurralde Antolamendurako Gidalerroak; LZP Lurralde Zatikako Plana, etab).

Besteak beste, HAPOk arreta ematen die lurzoruaren kalifikazioei (eraikigarria, babestua, etab.), horiek aldatzea ala ez erabakitzen da; etxebizitzak eraikitzeko beharrari, herriaren hazkunde nahiari edo beharrari; hainbat motatako azpiegiturak beharrezkoak diren ala ez, eta abarrak jasotzen dira HAPOn.

Gorlizko kasuan, kontuan hartzekoa da udalerriko ia 4.300 etxebizitzetatik erdia bigarren etxebizitzak direla, hau da, ez dira Gorlizen egoiliar edo bizi direnena; eta beste 600 etxebizitza hutsik daude, udal-datuen arabera. Aurreko LAG zein LZP planek Gorlizi hazkunde nabaria aurreikusi zioten, etxebizitzak eraikitzeko beharra, alegia. Ostera, gaur egun, hazkunde-maila hori baxuagoa dela onartu dute gai honi lotutako beste erakundeek ere, Jaurlaritzako eta Aldundiko dagozkion sail-arduradunek; eta hainbat udal-arduradun bat datoz horregaz. Esaterako, Etxebarriaren iritziz, "ez dugu Gorliz hainbeste edo gehiago haztea gura, dagoena ahalik eta gehien erabiltzea edo optimizatzea baino; etxebizitzak baino, beharrezko diren azpiegitura edo beharrak igarri gura ditugu: kultur, kirol, turismo arlokoak eta gazte, ume zein nagusiei begirakoak".

Gorlizko HAPOren Aurrerapenak 5 alternatiba edo proposamen egiten ditu: 0, A, B, C eta D. Horien desberdintasun nabarmen nagusiak eragiten dituzte Aranabarri, Iturralde eta Urezarantza guneetako egitasmoek. 
Gutxi gorabehera eta modu laburrenean laburtuz, hauxe:

0 alternatiba. “Ez jarduera” gisa zehazten dena eta Gorlizko plangintzan aldaketarik ez egiteko proposatzen duena. Horrenbestez, udal lurzorua gaur egun dituen sailkapen eta kalifikazioarekin geratuko litzateke.

A alternatiba. A alternatiban indarreko arauetan garatu ez diren egikaritza unitateen eta jarduera isolatuen bideragarritasuna aztertzen da, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko parametroak aplikatuta.

B alternatiba. Aranabarri izeneko egoitza sektore berria proposatu da.

C alternatiba. Azken alternatiba honetan Plentziarekin bateragarritasun plan bat egiteko aukera aztertzen da, Iturrialde izeneko egoitza sektore berri bat
proposatuz.

D Alternatiba hau Irismen Agiriak bizitegi-hazkunde eta ingurumen alderdiei buruz egiten dituen gogoeten arabera proposatzen da.Egikaritze-unitateak B eta C alternatibetan bezala planteatzen dira, kenduta Urezarantzaren U.E.U-III egikaritze-unitatearen eraikigarritasun minimoa estutzen dela.

HAPOren Aurrerapena txostena sakonago ezagutzeko aukera egongo da laster, besteak beste, Sertutxenan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa