Jose Antonio Martinez Kultura zinegotziak jakinarazi duenez, bertan Turismo Bulegoa eta kulturaren egoitza dago. "Jendeari arreta eta irekiera eta itxiera lanak Turismoko langileek egiten dituzte", azaldu du zinegotziak. Udalak, beste Administrazio Publikoak bezala, Espainiar Gobernuak agintzen dituen kontratazio arauak bete behar ditu, eta "horiek argi mugatzen dute Enplegu Publikoaren Eskaintzaren bitartez ezin dela kontraturik egin".
Orain dela gutxira arte egoera hori sei hilabeteko kontratuen bitartez konpontzen zutela jakinarazi du Martinezek, "baina, Europar Justizia Epaitegiak erabaki zuen behin betiko diren lanpostuak ezin direla behin-behineko kontratuekin bete". Hori dela eta, kontratu horiek bukatzen joan ahala ezin izan dituzte langile horiek ordezkatu. Sertutxenaren kasuan, urtarriletik turismo-teknikariak baino ez zuen bertan lan egiten. Hilaren 5ean, horrek jendaurreko arreta ezin zuenez egin, eraikina goizetan ixtea erabaki zuten. Halere, hilaren 15ean Turismo Bulegoan udarako pertsona bat kontratatu zuten; hala, "langile honen lan-ordutegian, Sertutxena irekita egongo da", azaldu du Martinezek.