Gorlizko edukiontzien erabilera-datuak biltzeko dispositiboak ipini dituzte

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 11a, 17:30

Elena Unzueta ahalduna Hirisens enpresak garatutako dispositiboagaz, gaur goizean, Gorlizen. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Ontziak batzeko hamar edukiontzi sei hilabetez monitorizatzeko proba pilotua abiarazi du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak, Gorlizen. Bizkaiko Hirisens enpresa hasiberriak garatutako dispositiboa erabiliko dute horretarako. Sentsore horiek ipinita, hainbat datu bildu ahal izango dira.

Hirisens start-up-ak garatutako sistema horren bidez, edukiontzi bakoitzari hari gabeko sentsore bana jartzean, betetze-mailari eta ontziaren tenperaturari buruzko datuak bilduko ditu. Halaber, balizko gorabeheren berri emango du, hala nola suteak, iraulketak, gainezka egotea edo ihesa gertatzea. Datu horiek denak egunero monitorizatuko dira analisirako plataforma batean, eta Garbikerri bidaliko dizkiote astero eta hilabetero; halere, gorabeheraren bat suertatzekotan, halakorik gertatuko den unean bertan jakinaraziko dute. Gainera, datu horiek web-plataforma baten bidez kontsultatu ahal izango dira eguneko edozein unetan.

Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko ahaldunak azaldu du proba aurreikusitakoaren arabera garatuz gero, sistemak ahalbidetuko duela bilketa-ibilbideak optimizatzea, zeintzuk edukiontzi beteta dauden jakin ahal izango da, eta horiexek hustuko direlako. "Horrela, zerbitzuaren kostuak murriztu, eta lanaren antolaketa hobetuko da, ibilbideak edukiontzien betetze-mailaren arabera antolatuko baitira eta horrek kostuak eta zerbitzuaren aztarna ekologikoa txikitzea ekarriko baitu", adierazi du.

Gai horiek denek bultzatu dute sistemaren proba pilotua abiatzea. Gainera, sistemak hainbat alderdi emango ditu ezagutzera: besteak beste, zein diren zerbitzuaren jokabidea eta erabilera-maila (egunaren, astearen eta hilabetearen arabera), nolakoa den edukiontzien errendimendua kokapenaren arabera eta zer-zelako eragina duten jaiegun eta ekitaldi handiek bilketa-lanean.

Ontzien bilketa Bizkaian eta Gorlizen

Iaz, guztira, 15.961 tona ontzi bildu ziren lurralde osoan, hau da, Bizkaiko udalerrietan dauden 5.294 edukiontzi horietan. 2015eko datuen aldean, zenbatekoa %1,8 hazi da, urte hartan 1.665 tona ontzi bota ziren eta.

Bizkaian zein Gorlizen egin zuen gora kopuruak: 2015ean, 113 tona birziklatu ziren udalerrian; hurrengo urtean, berriz, 118.

Hirisens

Hirisens (Quality Sensors Network SL) izeneko proiektuak Bilbon hasi zuen ibilbidea 2016ko otsailean, eta bere helburu nagusia da zerbitzuak gauzatzea enpresentzat eta hirientzat, teknologia adimendunen bitartez. Zerbitzu horiek Estatu-mailan eta nazioartean ustiatzeko asmoa dauka. Bizkaiko Foru Aldundiak Beaz diru-laguntzen bitartez lagundu eta babestu dituen start-up-etako bat da.

Espezializatuta dago gauzen Interneten eta hori "Smart Cities" eta Industria 4.0 direlakoetan aplikatzean. Horrenbestez, hazkunde-ahalmen handia dauka eta mundu-mailan dihardu. Lantaldea prestakuntza-maila handiko teknikariek osatzen dute.

Honako hauek dira Hirisens enpresak eskaintzen dituen zerbitzu adimendun nagusiak: 

  • Hondakinen kontrola.
  • Ingurumenaren kontrolak (airearen kalitatea, partikulak, zarata, uholdeen antzematea, uraren kalitatea).
  • Aparkalekuen kontrola. 

Hirisens enpresaren bezeroen artean aipatu daitezke, besteak beste, Bilboko, Durangoko, Ortuellako, Berrizko eta Getariako udalak; Nafarroako Gobernua; Euskal Kirol Portuak; Bilbao Port eta Metal Group enpresa. Bestalde, Argentina, Kolonbia eta Mexikoko hiru proiektutan lan egiten hasi dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun