"Igelak" proiektatuko dute zapatuan Gorlizen

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 28a, 10:53
Filmaren protagonistak. © IGELAK ABRA AIE

Gorlizko Udalak bihar, zapatuan, proiektatuko du "Igelak" filma Zinema Kalean ekimenaren barruan. Emanaldia pilotalekuan izango da, Elizako Plazan, 22:30ean. Patxo Telleriak zuzendutako komedia euskaraz emango dute, eta sarrera doakoa izango da.

"Igelak" filmean Miren Gaztañaga eta Gorka Otxoa dira protagonistak. Horien ondoan, aktore ezagun asko ageri da traman: Itziar Ituño, Itziar Atienza, Gurutze Beitia, Elena Irureta, Ramon Agirre eta Mikel Losada, besteak beste. Filma iazko abenduaren 2an estreinatu zen.

Sinopsia

Pello, banku sukurtsal bateko zuzendaria, delitu ekonomikoengatik atxilotu dute. Bere nagusiak ere inplikatuta dauden arren, bakarrik utziko dute Justiziaren aurrean. Salduta dagoela konturatzean, ihes egitea erabakiko du.

Dirurik eta dokumentazio barik, familia eta lagunik gabe, Pellok bere identitatea ordezkatuko du, ezkutuan segitu ahal izateko.

Iragan faltsu horregaz eta patuaren kapritxo bategatik, erreza egingo zaio Pellori etxetik kaleratutakoen elkarte batek okupaturiko etxe batean babesa topatzea. Bere kide berrien konfiantza bereganatuko du, asmo bakar bategaz: haien diruaz jabetu eta atzerrira alde egitea.

Filmaren aurrerakina

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun