Koronabirusa Uribe Kostan

Gaixoen % 20 COVID-19agaz kutsatu da Gorlizko ospitalean

Iker Rincon Moreno 2020ko aza. 11a, 08:07

Koronabirusaren agerraldi batek Gorlizko ospitaleko gaixoen % 20 eta osasun-beharginen % 10 kutsatu du, Osakidetzak jakinarazi duenez. Hori dela eta, osasun-zentroak kanpoko bisitak bertan behera utzi ditu. Iturriek azaldu dutenez, ingresatutako gaixo eta langile denen baheketa egiten hasi dira birusaren zabalkundea eteteko asmoz.

Egindako baheketari esker, momentuz, positiboak atzeman dituzte gaixoen % 20 eta profesionalen % 10en artean. Dirudienez, kutsatzea kanpotik etorritako bisita batek eragin du.

Agerraldia mozteko asmoz, ospitaleak bisitak galaraziko ditu, abisu berria eman arte. Hala, bide telematikoak jarri dituzte martxan familien arteko harremana sustatu ahal izateko. Dena dela, ospitale horretan zaintza aringarriak egiten dituztenez, salbuespenak egingo dituzte hilzorian dauden gaixoak bisitatzerako orduan, iturrien arabera.

Bestalde, babes-neurri gisa, momentuz ez dute ospitalizazio gehiagorik egingo zentroan, eta kontsultak eta errehabilitazioak eten dituzte; zentro osoa desinfektatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun