Ziurgabetasuna aukera bilakatu behar dugu euskal hezkuntzan

Erabiltzailearen aurpegia Betiko Ikastola 2015ko urr. 19a, 13:07

Ziurgabetasun egoera bizi du euskal hezkuntzak. Erasoak etengabekoak dira. Baina ziurgabetasun hau aukera bilakatu behar dugu. Etorkizuna gaurdanik eraikitzen da, askok eta askok atzo egindako lana oinarri hartuta. Eta ez da etorkizun duinik izango, horren alde mugitzen ez bagara.

Hasi berri dugu ikasturtea, eta ezin azterketarik/proposamenik egin gure hezkuntza sistema gidatu beharko lukeen arau markoari buruz ziurgabetasuna azpimarratu gabe, ikasturte hasiera honetan sakontzen ari baita ziurgabetasun hori, eta, egungo testuinguruan, babesik gabe gaudela agerian uzten baitu. Hala ere egoera honek Hezkuntza komunitatea ez duela paralizatu behar uste dugu, iazko ikasturteko mobilizazioen bultzadarekin ziurgabetasuna aukera bilakatu behar dugu.

Pasa den ikasturtean, LOMCE indarrean jarri zen ikasturtean, lortu genuen hura egin zutenek marraztutako bidetik urrun egotea gure herrian, gizartearen aktibazioari esker eta gure ikasgeletara iritsi behar ez zuela argi zeukaten hezkuntza eragileen ausardiari esker.

Euskal Herrian behar eta nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioa eraiki nahi dugu, LOMCE bezalako mehatxuek gugan eraginik izan ez dezaten. Bai, egia da hil-hurren dagoela dirudiela, baina ematen du askok hil aurretik ehortzi nahi dutela LOMCE. Eta ez da horrela. Lege hori indarrean jarri zutenek agintzen dihardute oraindik. Ikasturtea hasi dugu LOMCEren neurri gehiago indarrean sartuta. Horregatik aurre egin behar diogu. Aurre egingo diogu kalean, udazken honetarako, azaroak 28, deitu diren mobilizazioekin.

Mobilizazio horien bidez berriro eskatuko diegu gure lurraldeetako alderdi politikoei, legebiltzar eta gobernuei, LOMCEren aplikazioa eragozteko jarrerari irmo eusteko eta gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplikatu, horretarako eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliz. Baita ere, Madrileko parlamenturako hauteskundeen hurbiltasuna kontuan hartuta, bertan oposizioa osatzen duten alderdi politikoei LOMCEren aurka egiteko bere garaian hartu zuten konpromisoa gogorarazteko ere baliagarria izango da.

Eta nola ez, hau guztia aurrera eramateko tresnarik eraginkorrena hezkuntza burujabetza osoa eskuratzea dela, gure bide propioa egitea dela azpimarratuz; hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin batera egin beharreko bidea, kalean eta ikastetxetan… Une erabakigarrian gaude urteetako inposizioei stop esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko, bertan erabakitzea beharrezko dela argi adierazteko, eta pausuak eman behar ditugu norabide horretan, helburu hori argi utziaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun