Iritzia 2016-11-25 22:49

Ikasle borrokaz, gurea eraiki!

Erabiltzailearen aurpegia ErnaiAlgorta

Ostegunean milaka ikasle batu ginen Leioako campusean Euskal Eskola Nazionalaren alde, “Ikasle borrokaz, gurea eraiki” lemapean. EHUko errektoretzarako hauteskundeak tarteko, hezkuntza eredu propio baten eta ikasle bizi-baldintzen aldeko aldarria ozen entzun da oztopoak oztopo.

Azken asteotan prestatutako zirko mediatikoa goizean goizetik ederki hasi zen. Gasteiz eta Nafarroatik etorritako ikasleen autobusak Guardia Zibilak geldiarazi, Leioara igotzeko autobusak ordutegi batzuetan kenduz etab. Campusean ere beste horrenbeste. Goizetik kalez jantzitako polizien presentzia ikaragarria eta ostean etorritako ertzainen desfileak goitik behera bota du unibertsitate eremuan poliziaren presentziaren aurka urte luzeetan egindako borroka. Segurtasunaren aitzakiapean campusa gerra territorio bihurtu dute. Mobilizazioa ere momentu oro inguraturik izan dute, tentsioa areagotuz.

Jazarpen polizial honen babespean ordea, hamarnaka komunikabide. Gerora ikusi den bezala, mobilizazioaren aldarrikapenak bigarren planoan utzi eta ikasleoi beste behin ere gure iritzia baztertu digute. Ikasle gaizto eta maltzurren irudia saltzen dute, ditugun kezka eta eskariei entzungor eginez.

Ernai gazte antolakundetik irmoki salatu nahi dugu ikasleon aurkako jazarpen polizial zein mediatiko bortitza. Era berean, manifestazioaren hasieran atxilotutako gaztearen atxiloketa salatzen dugu, baita gure babes osoa erakutsi ere.

Euskal Eskola Nazionala eraiki dezagun guztiok kolektiboki, guk #GeureaEraiki

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa