24 urteko gazte bat hil da Gorlizen, lan istripu baten eraginez

Erabiltzailearen aurpegia LAB 2017ko urt. 11a, 09:59

Herenegun, A.R.J. 24 urteko langilea laneko istripuz hil zen. Istripua pasa den abenduaren 30ean izan zen, eta ordutik hona oso larria egon da. Gorlizeko Pizzeria Mec Mec enpresako langilea zen, eta abenduaren 30ean, istripua pairatu zuen azken banaketan. Gehiengo sindikalak elkarretaratze bat egingo du ostiralean, Sopelan, enpresaren egoitza nagusiaren aurrean.

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Istripu gehienen atzean lan baldintzen prekarietatea dago: formakuntza falta, lan erritmo bortitzak, azpikontratak, lan gainkargak,... Istripuak saihesteko neurri egokiak behar dira, legeak azpimarratzen duen bezala. Baina legea ez da oraindik goitik behera betetzen, horregatik betearaztea da exijitu behar duguna, enpresek eta erakundeek ez baitute horretarako borondaterik erakusten.

Langileok ezin dugu onartu urtero istripu kopurua igotzea. Krisiaren aitzakiarekin prekarietatea areagotu egin da eta neurri zuzentzaileak hartzea alde batera utzi dute, eta hortik dator istripuen gorakada. Hau dela eta, enpresei eta administrazioei lan baldintza egoki eta seguruetan lan egiteko eskubidea exijitu behar diegu.

Beti bezala, lan ikuskaritzari eta Osalani ikerketa egitea exijitzen diegu. Haien ustez, ez daukate konpetentziarik ikerketa egiteko, errepidean gertatu delako, baina, gure ustez, benetako ikerketa egin dezan eta faktore guztiak jakin ditzagun haien ardura hartu behar dute, eta argitu egin behar dute zer gertatu den eta zer egin behar den berriro antzeko istripu bat gerta ez dadin.

Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU bertan egongo gara salaketa egiten eta hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen (gaur, Donostian, urrutira joan gabe), enpresa eta erakundeei hobekuntzak exijitzen diegun bitartean. Horretarako hurrengo ostiralean, hilak 13, eguerdiko 12:30ean, Sopelako Pizzeria Mec Mec aurrean (enpresaren egoitza nagusia), elkarretaratzera deituko dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun