Urdulizko ospitalea: erdi publikoa goizez, pribatua arratsaldez, eta diseinuzko arazo larriekin

Erabiltzailearen aurpegia LAB 2017ko ots. 7a, 13:06

Osakidetzaren webgunean jasota dagoen bezala, "Osatek Osasun Sailaren menpeko Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da. 1992. jaio zen, eta sozio bakarra Osakidetza da”. Horrek esan nahi du Osateken kapitala publikoa dela eta gestioa, pribatua. Are gehiago. Estatutuak birpasatzen baditugu 21. puntuak mozkin-banaketa artikulatzen du.

LAB sindikatutik salatzen dugu Osakidetzak oinarrizko zerbitzuak (arropa-biltegia, sukaldea, elikadura eta ebakuntza-geletako arropa-zerbitzua) pribatizatu nahi dituela. Baita salatzen dugu mantentzeko lanak (Giroa) eta garbiketa zerbitzua (Villar) lizitaziorik atera gabe, pribatizaturik daudela ospitalea martxan dagoenetik.

Eta era berean, salatzen dugu gaur egungo Urdulizko ospitalean egiten den erabilera. Osakidetzako  pertsonalak 08:00etatik 15:00etara lan egiten du. Osatek-ekoak 07:00etatik 22:00etara. Beraz, ospitaleak ematen duen arratsaldeko zerbitzua pribatua da eta argi eta garbi gera dadila Osatekeko langileen lana ez dugula dudan jartzen, baizik eta Osakidetza-Osatekeko kudeatzaileena. Osasuna ez da negozioa.

Beste aldetik, badakigu Urdulizko ospitalea inguratzen duen guztia ezkutua dela, nahiz eta Osakidetzari galderak egin diogun ez dugu erantzunik ezta informaziorik ere jasotzen. Zergatik atzeratu zen larrialdi-zerbitzua? Esan zuten "medikuntza-materialak hornitzeko lehiaketan egondako atzerapenak" arazoa zela. LABetik diogu:

Azaroaren 9an, EHAAren 212. zenbakian, 900.000 euro inguruko lizitazio bat argitaratu zen, eguneko ospitale kirurgikoaren era kirurgia handi anbulatorioaren birmoldaketa egiteko. Orain jakin izan dugu larrialdian erradiologia-zerbitzurik ez zegoela eta korrika eta presaka aipaturiko zerbitzua jartzeko lanak abiatu dituztela. Kontsulta bat moldatu da RX zerbitzua jartzeko eta horrexegatik lanek indarreko araudiak (batez ere neurriei buruzkoak) zein langileen osasun-arloko arauak ez dituzte betetzen eta LABek horrela jakinarazi dio Osakidetzari.

Ez al da lotsagarria, egin berri den ospitale batean halako dirutza (denon poltsikoko milioi bat euro gutxienez) gastatzea birmoldaketa batean? Zelan da posible X izpien zerbitzuaz ahaztea? Non daude erantzukizunak? Zer dago honen atzean? Ezkutuko komisiorik edo erabateko ezgaitasuna? Edo oso tontoak dira, edo oso azkarrak. Biak ala biak langile zein erabiltzaileentzako kalte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun